Bortzirietako eskuz binakako txapelketaren finalak jokatu ziren larunbatean Lesakan

Utzitako argazkiak 2008ko aza. 24a, 16:21
Beñat Mitxelena aranztarrak Ander Antxia bizkaitarrarekin irabazi du Burgosko Irekia. Finalean 2-0 irabazi zioten Amantegi eta Garmendiari. Lehenbiziko jokuan 10-4 nagusitu ziren eta bigarrenean 10-6.

Profesionaletan, Burgos Hiria irabazi du Beñat Mitxelena aranztarrak Antxiarekin

Lesakan, larunbat goizean jokatutako Bortzirietako eskuz binakako zortzigarren txapelketako finalek emaitza hauek izan zituzten maila bakoitzean.
Lehenbiziko partidan, aurrebenjamin kategorian, erraz nagusitu ziren herrikoak, Asier Larralde eta Antton Petrirena, Igantziko Joxe Arriada eta Beñat Yanciri 18 eta 6 irabazi bairtzietan. Ligaxkan bi aldiz arituak ziren elkarren kontra eta bietan lesakarrak izan ziren irabazle. Aipatu ikusleek txaloka eskertu zutela pilotari ttiki hauen erakustaldia.

Benjaminetan txapelak Lesaka eta Berara

Bigarren partidoan, Benjaminak B mailan, emaitza berdina izan zen, 18 eta 6, eta honetan ere Lesakako Aimar Zamorano eta Jorge Agirre izan ziren irabazle, Berako Gure Txokoako Ugaitz Larralde eta Oier Larretxean aurka. Jorge Agirreren nagusitasuna nabarmendu behar da.
Hirugarren partidan, Benjaminak A mailan, Gure Txokoako Mikel Elzaurdiak eta Yago Canterok aitzinetik pensatutako taktika erabili zuten eta horrela jokoa aurrelari aurkariari kargatu zioten Lesakako Ganix Arrutiri. Honen bikotea, Igantziko Enaitz Telletxea, behin eta berriz laguntzen saiatu arren, azkenean 18-14 galdu zuten. Partida polita ikusi zen.

Alebinetan Oiartzun eta Berara

Goizeko laugarren partidan, Alebinak B mailan, Iker Salaberria Oiartzungo atzelaria nabarmendu zen, nahiz eta, berari dagokion baino maila bat goitiago jokatu, garbi utzi zuen hagitz pilotaria dela, beti ere Mattin Kazabon bere aurrelariak ongi lagunduta. Beraien aurkariak, Etxalarko Goiatz Jauregi eta Xabier Sanzberrok eginahalak egin zituzten irabazteko, tarteka ere posizioa aldatuz, baina ez zuten lortu irabaztea. Azkenean oiartzuarrak 18 eta 13 nagusitu ziren.
Bosgarren partidan, alebinak A mailan, Berako Gure Txokoako bi bikote izan ziren aurrez aurre. Harri Maritorena eta Ander Errandoneak 18 eta 11 irabazi zieten Peio Migelena eta Andoni Lazkanotegiri. Partida polita eta borrokatua izan zen eta bi azelariak aurrelariak baino gehiago izan ziren, baina erran behar da, bi aurrelariak lehenbiziko urtea dutela maila honetan eta hori nabaritu zen.

Infantiletan Oiartzun eta Lesakara

Azken aitzineko partidan Infantilak B mailan, lau oiartzuarrak ahalegindu ziren txapela eramaten eta azken zatira arte ez zen garbi ikusi nor izan zitekeen irabazle. Azkenean Lander Pikabea eta Xabi Azpiroz 18 eta 15 gailendu zitzaizkien Aitor Mitxelena eta Gorka Mitxelenari.
Azkeneko partidan, Infantilak A mailan, Unai Zamorano Lesakako atzelaria izan zen destakatuena, bere nagusitasunengatik peloteoan eta tantoa ongi bukatzen dakielako. Beti ere, hagitz ongi lagundu zion Gorka Sanjurjo aurrelariak. Galdu zuen bikotean, Andoni Ugalde aurrelari oiartzuarra aipatu behar da. Nahiz eta oraindik indar gutti daukan, antza ematen zaio hagitz pilotaria izanen dela. Lesakarrek 18 eta 9 irabazi zieten Oiartzungo Andoni Ugalde eta Mikel Zapiraineri.

Sari banaketa

Partida guztiak akautu ondotik banatu ziren txapelak eta trofeoak finalistei eta oroigarri bana txapelketan parte hartu duten pilotari guztiei. Laister paratuko da martxan eskuz banakako Txapelketa, beraz Bortzirietako pilotariak ez dute atseden aunitzik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun