Udal informazioa

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

Urriko udal informazioa jaso da etxeetan eta horko zenbait puntu aipatuko ditugu segidan. Gainerakoak hurrengoan landuko ditugu.

Herriko argiteriaren mantenimendua

Azken boladan arratsez herriko argi batzuk itzaliak egoten dira. Izan ere, herriko langileak mantentze lanetan ari dira eta argia aurrezteko helburuarekin plan egoki bat bideratzen ari dira arratsean zein argi itzal daitezkeen ondorioztatzeko. Udalak zonalde urbanoan argiak jartzeko obligazioa du berez, eta horregatik, nahiz eta bizilagun batzuen desadostasuna izan, diru-sarrera gutti dagoenez, aurrezte aldera, neguan 23:00etatik aitzinera herriko farol batzuk itzaliko dira. Zonalde urbanotik kanpo, argiak erabakitzen diren tenorean itzaliko dira. Aurrezteko bertze modu bat, kontsumo baxuko bonbillak erabiltzea da. Halere, guztia egokitzeko inbertsio haundiegia egin beharko litzateke.

Babes Ofizialeko Etxebizitzak

Babes Ofizialeko Etxebitzak herrian eraikitzeko interesa izanen luketen herritarren zerrenda bat irekia egon zen irailaren akabera arte. Baina ez da inor apuntatu. Udal informazioan aipatzen denez, EAJ-PNV alderdiak behin baino gehiagotan aipatu du plenoetan mota honetako etxebizitzak egitea geldiarazi nahi duela Udalak. Baina horri erantzunez, Udalak zera adierazi du txostenean: «inor apuntatu ez denez, ez du zentzu gehiegirik etxebizitzak egiteak». Horrez gain, informazio gehiago nahi izanez gero, Herriko Etxea zabalik dagoela adierazi du Udala

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun