Ferietan lehenak Elizondokoak izan ziren, urriaren 24an. Ondotik, Lurraren eguna ospatu zen Beran urriaren 26an. Azaroaren 1ean Baserritarren Eguna egin zen Arantzan eta ia 15 egun beranduago, azaroaren 14an, Doneztebeko feriak. Denetan zerbait azpimarratu behar badugu giro ona da. Donezteben adibidez, aste guztian euria egin zuen, baina feri egunean zorionez, ateri mantendu zen. Lesakan ere aroa ez da batere fin ibili eta denak zeruari begira geunden. Gauza jakina da ez dela berdin egun euritsu edo eguzkitsu batean eta nahiz eta jakiek bere gune estalia duten aparkalekuan kokatutako karpan, gainerako guztiak eguraldiaren kapritxoen mende daude. Pentsa, azienda, herri kirolak, gainerako salmenta postuak… Dena den, ferietako elementu adierazgarriena ganadua izan, besteetan gutxi batzuk agertzen dira, eta hori tratanteen borondate onari esker. Lesakan ez da horrelakorik gertatzen eta tradizio handia du azienden sariketak. Plaza Zaharra inguruan beti behi eta zaldiak ikus daitezke, eta gainera, kontuan hartuz iazko ferietan mihi urdinaren gaitza zela eta, Nafarroako Gobernuak hauen presentzia debekatu egin zuela, ziur gure eskualdeko abeltzain eta nekazariak honen esperoan egonen direla. Eskolttiki inguruan, zehazki, arkupean Tantirumairu ikastolako ikasleek ohiko postua jarria zuten beti bezain arrakastatsua suertatuz. Dena den, garai bateko feri izpiritua mantendu nahian edo, artisauek ere bere txokoa dute Lesakako San Fermin jubilatu elkartearen ekimenez. Ez da erraza gaur egungo ferianteek ekar dezaketen diru sarrerari uko egitea eta beste gisako postuak jartzea, baina Lesakan ahalegin hori egiten dute. Azienda buru guztiak goizeko 11:30erako prest izan dituzte abeltzainek eta baldintzetako bat saneatua eramatea da. Abeltzain guztiek dieta bat jaso dute eta betabere bakoitzarengatik 50 euro eman dute, zaldikoengatik 25 eta ahariengatik 15. Bortzirietako edozein azienda buruk du aukera aipatutako lehiaketan parte hartzeko.
Aizkora eta aldarrikapena
Laster batean alde egin dute biek aizkolariak lanean hasiak bai ziren. Patxi Larretxeak gaur xehetasun guztiak eman ditu, ez bai zen lanean. Makulu batekin ikusi dugu, ebakuntza egin behar izan bai diote. Bikoteka Oihan eta Donato Larretxea, Miel Mindegia eta Garikoitz Larretxearen aurka aritu dira eta aita-semeak gailendu dira. Ondotik, Felix Etxeberria aizkora altueran aritu da. Hasiera batean jende gutxi hurbildu da plaza ingurura, baina poliki-poliki Lesakan dagoen zaletasuna agerian geratu da. Plazan Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean agerraldia egin zuten. Ixiltasun osoz, beraien aldarria egin zuten. Bitartean Jexux Mari Irazu eta Sebastian Lizaso bertsotan aritu ziren, hau ere eguneko ohiko menuaren zati garrantzitsua izanik.
Behietan sariak Begibeltzekobordara eta Makukobordara
Segidan, azienda lehiaketako sariak banatu ziren. Betabereetatik hasita. Suitzetan lehenengo 3 sariak Berako Begibeltzenekobordako Jose Antonio Igoak eraman zituen, 190, 160 eta 100 euro eskuratuz. Betabereetan honako hauek aurkeztu zituzten behiak: Berako Begibeltzenekobordako Jose Antonio Igoak, Lesakako Makukobordako Luis Olaetxeak, Lesakako Gillenbordako Francisco Jabier Altzugaraik eta Lesakako Iriberriko Jon Muñoa Otxotekok. 34 behi denera. Haragitakoetan Berako Begibeltzenekobordako Jose Antonio Igoak berriz ere lehen saria eraman zuen, 190 euro eta txapela. Bigarren saria eta 160 euro Lesakako Makuko bordako Luis Olaetxeak eraman zituen eta baita hirugarren sariko 100 euroak ere.
Zaldi onena Iriberrikoa eta aharea Berakoa
Zaldietan, Lesakako Iriberriko Jon Muñoak txapela eta 125 euro jaso zituen, bigarren saria Lesakako Maria Isabel Indarentzat izan zen eta 95 euro hartu ditu eta hirugarren sariko 50 euroak Lesakako Marisol Otxotekok eraman zituen.
Zaldietan azken urteetako kopuru handiena plazaratu zen, 295 buru denera. Lesakako Soledad Otxotekok, Jesus Arozenak, Koikili Fagoagak, Lopeneko bordako Francisco Jabier Susperregik, Iriberriko Jon Muñoak, Zalaiko bordako Ibai Bereauk, Joseba Irigoienek, Maria Isabel Indak, Jose Antonio Igoak, Luis Fernando Etxeparek, Felipe Arozamenak eta Jaime Etxegaraik eraman zituzten buruak.
Aharietan hiru sariak Berako Miguel Angel Etxegaraik eraman ditu, 35, 25 eta 15 euro eskuratuz. Berekin batera Julen Astibiak ere buru bat aurkeztu du.
Ajoarriero lehiaketa
Asteazkeneko Merkatu Egunean, hamahiru bikote aurkeztu ziren Beti Gazte elkarteak antolatutako ajoarriero lehiaketan. Horietako bortz Bortzirietako Gorriak Osasunako peñakoak ziren eta hain zuzen, peña horretako Juan Luis Otxoteko “Kalixa” eta Agustin Zubietak osatutakoa izan ziren irabazleak, 21 punturekin. Bigarren postua Mertxe Etxepare eta Ana Bakerorentzat iazn en, 19 punturekin eta hirugarrena Laura Iantzi eta Marisa Larraintzarrentzat, 17 punturekin. Ondotik, ajoarrieroak ardoaz lagunduta dastatzeko eta gaztainak jateko aukera izan zen.