Hamarretik zortzi izenburupean inmigrazioari buruzko ipuin eta marrazki lehiaketa antolatu du Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako neska-mutikoentzat. Azaroaren 17an zabaldu zen lanak aurkezteko epea eta abenduaren 17ra arte parte har daiteke. 12 urte bitarteko gaztetxoentzako dago irekia, baina bi adin tarte bereizi dituzte: 7 urte bitarteko haurrek marrazki lehiaketan hartzen ahal dute parte eta 8-12 urte artekoek ipuin edo marrazki lehiaketan. Maila bakoitzean, lehen hiru sailkatuek joko bana jasoko dute eta laugarren, bortzgarren eta seigarrenek ipuin bana.
Ikastetxeekin elkarlanean
Munduko haurren hamarretik zortzi pobrezian bizi da eta horren harira aukeratu dute lehiaketaren izena. Neska-mutikoei errealitatea zein den erakutsi nahi diete eta horretarako Bortzirietako eskola eta ikastolek lehiaketan parte hartuko dute. Ikus-entzunezko materiala ere banatu dute Afrika, Asia eta Hegoameriketako gazteei buruzko 21 istoriorekin. «Iturria ireki eta ura ateratzea edo etengailua sakatu eta argia piztea arrunta da guretzat, baina ezezaguna da munduko bertze leku batzuetako aunitzentzat». Bortzirietako neska-mutikoek hori jakitea eta horri buruzko hausnarketa egitea da lehiaketa honen asmoa.