Lesakako feriak ospatuko dira ortzegun honetan eta iazkoan aziendarik ikusi ez bazen ere, aurtengoan berriz ere behiak, zaldiak eta ahariak ikusiko dira plaza inguruan.
Merkatu Eguna asteazkenean
Asteazkenean, Merkatu Eguna izanen dute Lesakan. Azkeneko urteetan bezala, Irain eskolako jantokian Azoka Ttikia izan dute 11:00etatik 13:00etara. 17:00etan musika eskolak Santa Zezilia kontzertua eskainiko du Herriko Etxeko pleno aretoan. 18:00etan trikitilariek kalejira eginen dute eta ordu berean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero txapelketari hasiera emanen zaio karpan. Bikote bakoitzak 2 kilo bakailao ekarri beharko ditu. Elkarteak 40 euro emanen dizkio bikote bakoitzari. Bikote bakoitzak gas-sukaldea, kazula, zartagina eta behar dituen tresnak eraman beharko ditu.Antolakuntzak olioa, baratxuriak eta gatza jarriko ditu bikote bakoitzarendako. Sariak sailkatutako lehendabiziko 3 bikoteei emanen zaizkie. Eta bukatzeko, proba ikustera hurbildu den jendeak, lehiaketan parte hartu dutenek egindakoa dastatu ahal izanen dute. Lagungarri, ardoa eta ogia banatuko da.
Ortzegunean azienda lehiaketa, aurten bai
Baina dudarik gabe, ortzeguneko feria eguna izanen da egun handia. Goiz osorako artisau erakusketa antolatu du San Fermin erretiratuen elkarteak. Horretaz gain, joan den urteko udazkeneko ferian, mingain urdinaren eritasunaren ondorioz azienda lehiaketarik izan ez bazen ere, aurtengoan berriz ere lehiaketa izanen da plazan. Behi-aziendei dagokienez, hiru kategoriatan banatuko dira, holandesak, suizak eta haragitakoak eta bakoitzean hiru sari banatuko dira: 190 euro lehenbizikoarentzat, 160 euro bigarrenarentzat eta 100 euro hirugarrenarentzt. Horretaz gain, behi-azienden artean hobekien aurkeztutakoari txapela ere emanen zaio. Zaldi lehiaketan lehen saria 125 eurokoa izanen da, 95 eurokoa bigarrena eta 50 eurokoa hirugarrena. Ahari lehiaketan, lehen saria 35 eurokoa izanen da, bigarrena 25 eurokoa eta hirugarrena 15 eurokoa. Plazan aziendak ikusgai dauden bitartean, 11:00etan aizkolariak ariko dira eta ondotik bertsolariak. Bortzirietako bertso eskolak antolatutako saioan Xebaxtian Lizaso eta Jexux Mari Irazu ariko dira. Plaza inguruan eta Bittiria karrikan hainbertze saltzaile ere izanen dira, beraien produktuak salgai dituztela.
Bazkalondoan pilota partidak
Bazkalondoan, arratsaldeko 17:30ean Aspeko pilotari profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira pilotalekuan: lehenik, bigarren mailako lau terdiko txapelketako finalerdietako ligaxkan, Olaetxea eta Cabrerizo II izanen dira aurrez aurre. Gero, partida nagusian, Gonzalez eta Arruti, Iñaki Larralde eta Laskurainen kontra ariko dira. 19:00etan, dantzaldia izanen da TZ taldearekin Plaza Zaharrean, Lesakan aurtengo udazkeneko feriak akautzeko.