Mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko tailerraren bukaera ekitaldia egin da Lesakan

Goizalde URDANPILLETA 2008ko azaroaren 18a

Tailerrean parte hartu duten emakumeei diplomak eman zaizkie. TTIPI TTAPA

Enplegu tailerrean parte hartu dutenei diplomak eman zaizkie

Asteartean, azaroaren 18an, “Mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko Zerbitzua” izeneko Enplegu tailerraren amaiera ekitaldia egin da Lesakako Antoiu kaleko erabilera anitzeko aretoan. Tailerra Cederna-Garalur elkarteak kudeatu du, eta Nafarroako Gobernuko Enplegu Zerbitzuaren babesa izan du, Europako Gizarte Funtsaren bitartez, Berako, Lesakako, Doneztebeko eta Baztango Udalen lankidetzarekin. Amaiera-ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Jose Luis Ruiz Ciruelos, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari-gerenteak; Deñe Abuin, Lesakako Udaleko alkateordeak toki entitate laguntzaileen ordezkari gisara, Luis Garate Jimenez, Cederna Garalur Elkartearen presidenteak eta Marian Zestau, amaitu den Enplegu tailerraren zuzendariak. Marian Zestauk gonbidapenak agurtu eta hitza hartu behar zutenak aurkeztu ondotik, ekitaldia hasi da. Deñe Abuinek hitz batzuk egin ditu euskaraz eta segidan, Jose Luis Ruiz Ciruelos eta Luis Garate ere solastu dira eta beraien borondate ona erakutsi dute etorkizunean honelako beste tailer batzuk antolatzeko asmoan.

Diplomak banatzea eta hameketakoa

Amaiera-ekitaldian, prestakuntza egin duten pertsona guztiei diploma bana eman zaie. Tailerra garrantzi handikoa izan da parte hartu duten pertsonentzat eta halako zerbitzuak eskatzen dituzten enpresentzako balio erantsia izan da. Marian Zestauk parte hartzaileen izenean aipatu du parte hartzaileak hagitz kontent geratu direla tailerrarekin eta gainera, zenbait dagoeneko lanean hasiak direla. Segidan, denak Lesakako Kirol instalazioen ostatura joan dira eta luntx bat hartzeko aukera izan dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun