Bortzirietako mus txapelketa antolatu du lehen aldiz Bortzirietako Gorriak peñak

ttipi-ttapa 2008ko aza. 12a, 13:44
Bortzirietako Gorriak Osasunazaleen peña joan den urteko azaroan sortu zen. TTIPI TTAPA

Bortz herrietan jokatuko diren jardunaldietako lau lehenbizikoek finala jokatuko dute Eguberri egunean Lesakan

Bortzirietako Gorriak Osasunaren Peñak Bortzirietako mus txapelketa antolatu du lehen aldiz. Duela urtebete sortu zen peña, Lesakako ferien inguruan eta orain mus txapelketa hau antolatu du.

Lehen partidak azaroaren 14an Lesakako Koxkillan

Lehenbiziko partidak ortziral honetan, azaroaren 14an, jokatuko dira Lesakako Koxkilla ostatuan, gaueko 23:00etatik aitzinera. Gogoratu behar da Bortzirietako Gorriak peñaren egoitza ere ostatu honetan dagoela.
Arantzan Pabloenean jokatuko dira txapelketako mus partidak, azaroaren 28an, gaueko 23:15etik aitzinera.
Etxalarren Herriko Ostatuan jokatuko dira partidak abenduaren 5ean, gaueko 23:00etatik aitzinera.
Beran, abenduaren 12an izanen dute deialdia muszaleek Errekalde ostatuan, 23:00etatik aitzinera eta Igantzin, azkenik, abenduaren 19an, gaueko 22:00etan izanen dute hitzordua Allinea ostatuan.

Finala Eguberri egunean Lesakan

Bortz jardunaldiak jokatu ondotik, herri bakoitzeko lau lehenbiziko bikoteek Eguberri egunean, abenduaren 25ean, arratsaldeko 18.00etan Lesakan jokatuko den finalerako sailkatuko dira.
Txapelketa honi buruzko informazio gehiagorako edo izen emateko 948 637243 telefonora deitu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun