Mugikortasun planarekin segituz Lesakako karriketan autoendako zenbait norabide aldatu dira

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 12a

Aparkaleku berriak eta bizikletaren eguna ere prestatzen ari dira

2005. urtean, Lesakan trafikoaren inguruan sortutako arazoak zirela eta udalak, Mugikortasun iraunkorraren inguruko sentsibilizazio eta bultzatze programa abian jarri zuen. Hainbat erakunde eta elkartek hartu zuten parte kanpaina honetan: ikastetxeek, guraso elkarteek eta herriko bertzelako elkarteek. Hasieratik gaur arte, eta lehendabiziko kanpaina hartan eta Agenda 21ean ikusitako beharren arabera, hainbat ekitaldi garatu dira: tailerrak, kotxerik gabeko egunak, mugikortasunaren eguna…

Norabideak eta seinaleak aldatuak

Gaur egun eta Mugikortasunaren Planarekin segituz, hainbat proiektu dauden martxan Lesakan. Gidariek eta oinezkoek somatu izanen dute Bide-seinale aldaketak izan direla eta lehen posible ziren zenbait norabidetan gidatzea debekatzen duten seinaleak paratu dituzte eta oinezkoendako pasabidea erraztu. Beraz, arretaz begiratzea gomendatzen da, seinale eta norabide batzuk aldatu egin dira eta.

Aparkaleku berrien azterketa eta bizikletaren eguna

Horretaz gain, aparkaleku berrien azterketa eginen da, baita bizikletaren erabilera bultzatzeko kanpaina ere. Azkeneko ekimen honetan eta aurrekoan bezala CRANAren laguntza izanen da eta Lesakako udaletxetik guraso elkarteak animatu nahi dira hurrengo urtarrila aldera garatuko den bizikletaren erabilera bultzatzeko kanpainan parte hartzera.

Mugikortasuna eta segurtasuna hobetzen

Ekimen guzti hauekin herrian mugikortasuna eta segurtasuna hobetuko direlakoan dago Lesakako Herriko Etxea, eta aldez aitzinetik herritarren laguntza eta pazientzia eskertu nahi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun