“Herria bizirik mantendu; norbere negozioan segitzeko motibazioa indartzea; prestakuntza eta informazio gehiago edukitzea eta sortzen diren arazoei elkarrekin aitzin egitea”. Lau helburu eta elkarte bakarra. Duela bi urte sortu zen Lesakako Zerbitzuen Elkartea, eta hasiera-hasieratik horiexek izan dira finkatu dituzten helburuak. 2006ko azaroan hasi ziren elkartzen eta hilabete batzuk beranduago eman zuten ezagutzera. Geroztik hainbat ekimen garatu dituzte. Buruhausteak ere ugari, eta guztien gainetik bat: Landazelaietan egitekoa zen merkataritza gune haundiaren proiektua. Hilabeteetako borrokak, halere, badirudi fruitua eman duela. Herriko Etxetik hartu dituzten azken berrien arabera, Udalak ezezkoa eman dio merkataritza gunea eraikitzeko egitasmoari. Horrek, lasaitasuna eman dio Lesakako Zerbitzuen Elkarteari.
Buruhausteez haratago, Elkartea pozik dago egin dituen kanpainekin. Hil honetan berrituko da Lesakako Zerbitzuen Elkarteko zuzendaritza batzordea, baina bitartean lehendakaria den Maite Igarzabali balorazioa egin digu: “Alde batetik, kontent gaude elkar gehiago ezagutu dugulako. Bertzela, norbera bere gisara joanen litzateke, eta honen bidez, harremana hobetu dugu. Bertzetik, egiten saiatu garen ekimenak ongi joan dira. Landazelaietako arazo hori sortu zenean elkarrekin egotea ere hagitz ona izan zen, bertzela, bakoitzak bere negozioa itxi eta etxera joan beharko genukeelako”. Hori alde ona. Baina deus ere ez da perfektua eta taldean lan egiteak alde negatiborik ote duen galdetuta zera erantzun digu Maitek: “inplikazioa eta denbora falta. Inplikazioa ‘arazoa’ da, herriko negozio guztiak ez daudelako Elkartean. Eta denbora falta ere ‘arazoa’ da, asanblada bidez funtzionatzen delako, eta Elkartean dauden bazkide guztiak biltzea ‘zaila’ delako”.
Zuzendaritza berria
Bi urteren ondotik, zuzendaritza batzordea berritu eginen dute hilabete honetan Lesakako Zerbitzuen Elkartean. Urtean 120 euroko kuota ordaintzen dute 34 bazkideek, baina kopuru horrek gauza aunitz egiteko aukerarik ez duela ematen azpimarratu digu lehendakariak: “Nafarroako Gobernuaren laguntzarik ez dugu eta edozein kanpaina egiteko paratu behar dugun diru kopurua ez da ttikia. Diru gehiago izatera, gauza gehiago eginen genituzke”.
Urte gogorra aurtengoa
“Urte gogorra tokatu zaigu”. Holaxe deskribatu du Maitek 2008a. Alde batetik, “guztiari forma eman ahal izateko, hasiera guztiak beti dira gogorrak”, eta batez ere, urte gogor horren gibelean dagoena, Landazelaietan egitekoa zen merkataritza gunea dago. Bilkurak maiz egitera behartu ditu Landazelaietako proiektuak, eta prentsaurrekoak eta bertze kanpainak ere egin dituzte, baita plataforma bat sortu ere. “Horrelako merkataritza gune batek herriari ez lioke batere mesederik eginen”, dio Igarzabalek. Baina amesgaizto hori joan da. ˝Udalak berririk baldin bazen, jakinaraziko zigula erran zigun, eta uztailekoak dira azken nobedadeak. Orduan Udalak proiektuari ezezkoa eman ziola adierazi zigun eta horrek lasaitasun haundia eman zigun”. Orain, berriz, egunerokoari lotu eta bezeroei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea da helburu nagusia: “herritarrei Lesakatik atera gabe, hemen ere gauzak harrapatzen ahal dituela adierazi nahi diegu”. Eta guztiaren gainetik, ilusioa edukitzea ezinbertzekoa da.
EGUBERRIETAN KANPAINA BEREZIA
Erakusleiho lehiaketa, Kontsumitzaileen Eguna, erosketa poltsak, tailerrak, ikastaroak… Bi urte emankor izan direlakoan dago Elkarteko lehendakaria. “Joan den urtean Kontsumitzaileen Eguna egin genuen, eta aste hori hagitz intentsoa izan zen. Giro polita sortu zen herrian eta jende aunitzek parte hartu zuen”. Ilusioa eman zien horrek Elkarteko kideei. Azken kanpaina erosketa poltsarena izan da. Eta horren arrazoia? “Ingurumenarekin konprometituak gaudelako gu ere, eta herritarrak mentalizatu nahi ditugulako poltsak behin eta berriz erabil ditzaten”. Egin dituzten ikastaroek ere erantzun ona izan dute eta horrek jendea ilusioarekin dagoela adierazteko balio du Igarzabalen arabera. Eguberriei begira, kanpaina bereziren bat garatu nahiko lukete.