Louajari marokoarrak 12 segundotan hobetu du Lizuniagako Igoeran ezarritako marka

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 11a, 14:05
Lasterketa abiatu aitzinetik, irabazteaz gain marka hobetu nahi zuela adierazi zuen Abdelfetah Louajari marokoarrak, eta halaxe egin zuen. TTIPI TTAPA

Azken 26 urteotako denborarik onena Peio Garinek egina zuen

1982az geroztik, Peio Garinek zuen marka erori zen urriaren 25ean egin zen Lizuniagako Igoeran. Bigarren edizioan egin zuen 16:13 segundoko marka haundi hura Garinek eta 28. edizioan, 12 segundotan hobetu du Abdelfetah Louajarik. Urte hasieratik Zizurren bizi eta Ardoi taldearekin dabilen marokoarrak marka bikaina egin zuen eta segundo bakar batengatik gainditu zuen 16. minutuak; 16:01eko markari esker, marka hobetzen zuenarentzat zeuden 300 euroak eskuratu zituen. Gure Txokoa Elkarteak antolatutako proba honetan 95 bat korrikalarik hartu zuen parte, lasterketa nagusiko kategoria ezberdinetan banatuak: 49 senior kategorian, 29 beteranoetan, 16 emakumezkoetan eta junior bat. 4,9 kilometro egin behar izan zituzten. Horrez gain, kiroldegi eta Jamotenea inguruan aritu ziren ttikienak eta Maletetik Lizuniagarako bidea egin zuten koxkorxeagoak gehitu behar zaizkie. 3 eta 15 urte arteko 40 bat kirolarik egin zituzten lasterketak.

Zelaian, lehenbiziko bi kilometroetan, Louajarariren inguruan ibili ziren Pedro Ruiz donostiarra, Rafa Maritxalar lesakarra eta Jon Garraus irundarra, baina maldan goiti hasi zirenean aisa ihes egin zuen marokoarrak. Bigarren Ruiz donostiarra helmugaratu zen (17:21) eta hirugarren Maritxalar lesakarra (17:31). Laugarren postuan Jon Garraus irundarra sartu zen eta bosgarrenean, denbora berean, (18:27) sartu ziren Manttaleko Patxi Iratzoki igantziarra eta Alberto Barberena lekaroztarra. Segidan, Iñigo Lasaga etxalartarra sartu zen (18:46); Iñaki Pikabea beratarrak 19:03an osatu zuen ibilbidea, Patxi Vilak bezala.

Daniel Mehats baionarrak, Txema Villamea beratarrak, Andoni Lasaga etxalartarrak, Fermintxo Oteiza narbartearrak, Iban Zubieta beratarrak, Unai Otazo etxalartarrak eta Ormaiztegiko Angel Pelaezek ere 20 minutu baino guttiago behar izan zuten ibilbidea osatzeko. Beteranoen artean, Joxerra Loiarte beratarra izan zen bizkorrena (19:36), eta hirugarren Iñaki Larrañaga beratarra (20:30).

Emakumezkoen artean bizkorrena Cristina Arbues igantziarra izan zen (21:25); bigarrena Maika Ariztegi iturendarra izan zen (22:05) eta hirugarren Mari Sol Martinez irundarra (24:29).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun