Bortzirietako enpresetan egin nahi diren euskara planek ez dute erantzun beroegirik izan

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 11a, 13:36
Bortzirietako Euskara Mankomunitateko eta Lan Munduko Batzordeko ordezkariak hilaren 4an egindako agerraldian. Gibelean enpresetako ordezkariak. TTIPI TTAPA

Orain arte egindakoaren balorazioaren berri eman du Lan Munduko Batzordeak

Bortzirietako enpresetan euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin sortu zen Lan Munduko Batzordea. Hala, 2007ko irailean horretan hasi ziren lanean. Urtebete beranduago, Batzordeak orain arte egindakoaren balorazio bat egin du eta enpresen erantzuna beroegia ez dela izan ondoriozatatu du. Horrela adierazi zuen Lan Munduko Batzordeak azaroaren 4an Lesakan egindako prentsaurrekoan. Tamalgarritzat jo zuen euskararen sustapenaren gaia aztertzeko enpresen «prestutasun falta».
Ekitaldian Urko Ikardo Bortzirietako euskara teknikariak, Koldo Saenz Lan Munduko Batzordeko kideak eta Ainara Maia, Koldo Erkizia eta Ramontxo Elgorriaga Euskara Mankomunitateko ordezkariek parte hartu zuten. Eurekin batera, Bortzirietako enpresetako langileen ordezkariak agerraldian izan ziren.

Arcelor eta Zalainek bakarrik erantzun diote bilera deiari

Euskararen aldeko neurriak eskatuz, 2007ko udazkenean Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Arcelorri, Lorpeni, Martikori, Saverari eta Zalaini bilera eskaera egin zien, 2008ko udaberrian euskararen erabilera areagotzeko planen gaia aztertzeko.Baina bi enpresek baino ez zioten erantzun bilera eskaerari: Arcelorrek eta Zalainek. Bertze hiruretan, mankomunitatearen bilera eskaerak ez dute erantzunik izan oraindik.
Horregatik, bigarren saiakera bat egin eta biltzeko eskaera egin die berriz ere Martikori, Saverari eta Lorpeni. Horiez gain, Zelaietari ere luzatu diote deialdia. Urtea bukatu aitzin bildu nahiko lukete. Euskara mankomunitateak erantzukizunez jokatzeko eskatu zien enpresetako arduradunei; euskararen aldeko neurriak hartzeko enpresaren, euskararen eta bortziritarren onerako izanen dela iritzita. Horretarako, mankomunitatearen babes osoa eta aholkularitza eskaini zien enpresei.
Batzuen borondate eza eta bertzeen gogoaren hausnarketarekin agurtu zuten agerraldia.

Mahai-inguruan ortziralean

Erabilera planen inguruko dinamika eta eskakizuna indartzeko asmoz, jardunaldia antolatu du Euskara Mankomunitateak ortziral honetarako, azaroaren 14ako. Euskara teknikari eta arduradunekin eginen da mahai-ingurua eta Hernaniko Selak, Bergarako Arcelor eta Ampo-Poyam dira gonbidatuak. Cederna-Garalur Elkarteak Lesakako Alkaiagan duen egoitzan bilduko dira, 18:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun