Joan dira aurtengo Kultur Egunak. Eguraldiari dagokionez hasierako eta bukaerako egunak zinez txarrak baldin baziren ere, tartekoa, Santu Guzien Eguna, aski eguraldi politarekin joan zen. Eta tira, eskertu genuen. Garai honetako ekitaldi guzien garrantzia guttietsi gabe, Baserritarren Egunak XIII. urtea egin du. Azoka edo merkatua bisitatzeko aro ederra izan zen. Giro ona eta jendetza! Bertako barazki, produktu, eskulan, azienda… herrikoen parte-hartzea haundia izan zen. 30tik gora postu zeuden Ekaitza Elkarteak antolatu egunean. Azienda eta bertzelako gaien erakusketa eta salmenta aintzat hartuta, herriko plazatik hasi eta frontoira bitarte ibilbide dastagarria izan zen. Nafarroako Kutxako egoitzan, bidean, aspaldiko argazkien erakusketa ere ikus zitekeen. Ekaitzako ostatu xokoan salda, pintxo eta edariak eskaini ziren. Postuen artean itzulixka eginez, larruzko pilotak egiten dituen iparraldeko Punpa etxeak ere parte hartu zuen.
Parte-hartzaileak
Hauek izan ziren parte-hartzaileak: Pabloenea, Tuanekoborda, Serorenborda, Bordalarreako Ximonenborda, Martinekoborda, Martixenea, Bortzak Bat Kooperatiba, Senberro, Luis Madariaga, Mariñenborda, Felix eta Amaia Apezetxea, Otsarra, Morenbaita, Gazte Asanblada, Ximonea, Urdingoborda, Noelia, Sara, Mikel eta Elixabet, Mari Jose Lizardi, Motxenea, Eskulanetako taldea, Larrainekoborda, Sendabelarrak, Txolberro, Euskal Presoak Etxera, Arantzako Eskola, Esther Burlada, Toki Ona Institutuko 2. batxilergoa eta 4. D.B.H. eta Punpa.
Gazta lehiaketa
Baserritarren Egunez egin zen IV. Gazta Lehiaketan 12 ardi gazta aurkeztu ziren eta sei lagunez osaturiko epai-mahaiak onena Pantxo Mitxelenarena zela aukeratu zuen, 100 euroko saria emanez. Parte-hartzaileak hauek izan ziren: Martinekoborda, Senberro, Aientsako Gaxtelinekoborda, Martixenekoborda, Larauburukoborda, Albiz, Tuanekoborda, Serorenborda, Eguzkialdea auzoko Ximonenborda, Bordalarrea auzoko Ximonenborda, Otsarra eta Morenbaita Bertzalde, 1.000 boleto saldu ziren zare eta oilar baten zozketarako eta 045 zenbaki saridunaren jabea Etxeberrikobordako Mikel Leiza izan zen. Goiz polita joan zen eta arratsaldez eta arratsez, haur tailerrak, berendua eta bertso afaria egin ziren.
Hitzaldia, herri kirolak eta mus txapelketa
Bezperan, euskal zerria arrazaren inguruko hitzaldi interesgarria eta mus txapelketa egin ziren. Mus txapelketan, lehen saria Xabi Elizalde eta Imanol Lukanbiok eraman zuten, eta bigarrena, Alberto Fagoaga eta Xabi Larretxeak.
Igandean, Maria Jose Sardonek eta Josetxo Urrutiak erakustaldia eskaini zuten. Urrutiaren ordez Miren Urkiola zen aritzekoa, baina lesio bat tarteko, azkenean Urrutia aritu zen. Arratsaldez, berriz, antzerkia izan zen.