Lesakan urriaren 25ean izandako ‘okupazio militarra’ salatu du AAMk

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

ttipi-ttapa Urriaren 25ean Lesakan egitekoak ziren ekimenak debekatu egin zituen Entzutegi Nazionalak, bai Sastrinera egitekoa zen mendi ateraldia eta bai Arranon egitekoa zen herri bazkaria ere. Kartelean amnistiaren ikurra eta presoen argazkiak agertzea izan omen zen debekuaren arrazoia. Ekimenak urtero egiten dira urrian, Ainara Fresneda eta Iñaki Fagoaga bi preso lesakarrak sasoi honetan espetxeratu baitzituzten. Beti arazorik gabe joan badira ere, aurten debekatu egin zituzten. Gainera, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi zuenez, egun horretan, Guardia Zibilak herrian ibili ziren, herri sarrerako biribilgunean kontrola paratu zuten, plaza inguratu zuten eta ekitaldia burutzekoa zen mendirako bideak okupatu zituzten. AAMk gogor salatu zuen hori: «modu honetako okupazio militarrek agerian uzten dute okupazio indarrek Euskal Herrian jarduteko duten inpunitatea». Euskal Herrian biltzeko eta manifestatzeko eskubidea urratua dagoela ere kritikatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun