Urriaren 31n inauguratu zuten Burdinaren Zentroa, komentuko beheitian. Ekitaldira, Lesakako eta Bortzirietako udal ordezkariak agertu ziren, baita Cederna-Garalur, Nafarroako Kutxa, Arcelor Mittal eta bertze erakundetakoak ere. Hasteko, Koldo Erkizia alkateak hartu zuen hitza. Berak aipatu zuenez, Udalak urte batzuk daramatza bere ondarea, kultura eta historia garatzen. Lan horren adibide gisara paratu zituen Lesaka Ezagutu, bisita gidatuak, Erdi Aroko Azoka, erakusketak eta promozio ekintza ezberdinak, hala nola trenbidea, Agiña eta herri inguruko ibilbidea eta bertze herriekin batera egindako promozioak. Bertze baliabideen artean, forja eta burdina Lesakako biziaren garapenean oinarrizkoak izan direla azpimarratu zuen. Pedro Lanz arotzarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, eskulangile honek bere lanak Burdinaren Zentroari utzi dizkio. Horretaz gain, langintza horri buruzko ikusentzuneko bat ere grabatu da. Arcelor Mittal lantegiak bere produkzioari buruz egindako ikusentzuneko bat ere ikusteko modua dago Burdinaren Etxean. Honela, garai batean burdina nola lantzen zen ikusten da eta gaur eguneko lantegi modernoetan nola lantzen den ere ikusten ahal da. Burdinaren Zentroa ez ezik, Lesakako Udal Turismo Bulegoa ere bertan izanen da.
140.000 euroko aurrekontua
Lanen aurrekontua 140.000 eurokoa izan da eta horietatik 36.000 euro Burdinaren Etxearen edukirako, Alfa Soluciones enpresak egindako lanarentzako izan da eta gainerakoa obra zibilerako. Dirulaguntzei dagokienez, 36.000 euro Cederna-Garalur erakundeak kudeatzen duen Leader + programaren bidez lortu dira.
Burdinaren Etxearen ordutegiari dagokionez, azaro eta abenduan asteazkenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara zabalik izanen da; igande eta besta egunetan 10:00etatik 14:00etara eta astelehen eta asteartetan itxita. Sarrera 2 eurokoa da. Harremanetarako 948 638007 edo 690 230031ra deitu, kultura@lesaka.net helbidera idatzi edo www.lesaka.net web-orrian begiratu.