Lurraren Eguneko sarituak iazko berdinak

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

Argazkia: ONDIKOL TTIPI TTAPA

Giro ederrean joan zen urriaren 26an egin zen Lurraren Egunaren XXII. edizioa. Aitzineko egunean, berriz, Lizuniagako Igoera eta Barazkiopil Lehiaketa egin ziren. Azken honetan, epaimahaiak zortzi plateren artean, Xiziriak taldearena aukeratu zuen. Lurraren Egunean, Euskal herritik etorritako 60 artisauen lanak ikusteaz gain, 22 baserritako produktuak ere ikus ahal izan ziren. Tartean, Labiaga ikastolan, Beratarrak izeneko argazki erakusketa paratu zuten. Gasna eta Sagardo Lehiaketetan, 19 eta 13 parte-hartzaile aurkeztu ziren, hurrenez hurren, eta sariak joan den urteko berberentzat izan ziren. Gasna guztien artean, Arantzako Serorenbordako Margari Madariagarena aurkeratu zuen epaimahaiak. 220 euro eta oroigarria jaso zituen. 100 euroko bigarren saria Garmendikobordako Xokorro Almandozek eskuratu zuen, eta 75 euroko hirugarrena Arantzako Ximonenbordako Salvador Madariagarentzat izan zen. Sagardo lehiaketan ere, iaz bezala, Lesakako Buenosaireseneako Joxepa Almandozentzat izan zen. Arratsaldean, pailazoen emanaldia izan zen, eta sari banaketa eta enkantearen ondotik –100 euro ordaindu zituzten gazte irabazle erdiagatik–, bertsolarien saioa etorri zen. Egunari akabera emateko, Imuntzo eta Belokirekin dantzaldia izan zen. Antolatzaileak gustura gelditu ziren egunak izandako erantzunarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun