Lesakako Kultur Egunetatik Lesakan Euskaraz Bai egunera

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

Joan den apirilean, Lesakako Euskara Batzordeak bilera zabala deitu zuen gogoeta egiteko. Zein dira euskararen beharrak Lesakan? Horretarako zer egiten ahal da? Gisako galderei erantzuten saiatu ginen. Batzorde honen egiteko nagusia euskararen erabilera sustatzea izanen zela erabaki genuen. Arlo guztietan eragin behar dela jakina da. Baina guztia batera ezin denez egin, lehentasunak finkatu eta plangintza batean bildu genituen 2008rako helburuak.
Lesakako Euskara Batzordearen plangintzan toki berezia du Lesakan Euskaraz Bai egunak. Gure asmoa da hemendik aitzinera, urtero, tankerako jardunaldi bat antolatzea, euskararen erabilera bultzatzeko. Euskara batzordeak Kultur Egunak antolatu izan ditu orain arte, eta ekarpen polita egin dio Lesakako kultur egitarauari azken urteotan, euskarazko kultur ekitaldiak gurera ekarrita. Alabaina, pauso bat aitzinera egiteko tenorea heldu da; euskararen normalkuntza, erabilera eta garapena ditugu helburu, eta horretarako, Euskaraz Bai eguna ekarpen interesgarria izaten ahal da.
Euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina aurkeztuko dugu egun horretan. Aurten, bereziki, gazteen giza taldea izanen dugu gai nagusi. Gainera, Kontseiluak 10 urte bete dituela-eta, ekitaldia antolatu du BEC-en, eta deialdi horrek tokia izanen du gurean. Lesakako Euskara Batzordeak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Lesakan Euskaraz Bai eguneko ekitaldietan parte hartzera. Azaroaren 30ean, elkar ikusiko dugu euskararen alde!

Urko Ikardo Enparan - Bortzirietako Euskara Teknikaria - Lesakako Euskara - Batzordearen izenean

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun