Drogak eta Sexualitateak informazio puntua ortziralero izanen da Beran

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 10a

Askagintzak eta Berako udaleko Prebentzio Kontseiluak bultzatuta

Sexualitate eta droga ezberdinen kontsumo eta erabileren errealitateen aitzinean, filosofia eta interes ezberdinak dituzten informazio iturri askorekin aurki gaitezke (internet, telebista, prentsa…), batez ere nerabe eta gazteak direlarik leiho hauetara “zabaldurik” daudenak. Zenbait jarduera sexual edo droga kontsumoen inguruan zabaltzen ari diren uste eta pertzepzioek, arrisku eta babes faktoreetan zuzenean eragiten dute, nerabe eta gazteak bereziki arrisku egoerak hautemateko zailtasunekinaurkitzen direlarik. Hau dela eta, “Drogak eta Sexualitateak” informazio puntua martxan jartzea erabaki dute Berako Udaleko Prebentzio Kontseiluak eta Askagintza erakundeak. Proiektu hau, Bera Planaren baitan kokatzen da, eta helburu nagusia nerabe eta gazteen eskaerak eta beharrak kontuan izanik, droga eta sexualitateen inguruan modu egokian informatzea izanen da.

Drogen eta sexualitateen inguruan ezagupena

Drogen eta sexualitateen inguruan ezagupena eskaini nahi du puntu honek, debekuan edota hutsalkerian oinarritutako mezuak gaindituz, eta bi gai hauen artean egon daitekeen harremanen inguruan informazioa eskaini, horretarako euskarri ezberdinez baliatuz (dokumentazioa, koadernoak, informazio orriak…). Osasun heziketarako estrategia ezberdinak garatzeko helburua ere badu, beti ere osasuna sustatuz eta prebentzioa landuz. Alde batetik, arazotsuak izan daitezkeen kontsumo eta jarduera sexualak sor ditzaketen arriskuak eta kalteak ezagutaraziz, hauek murrizteko, eta bestetik babes faktoreak indartzeko estrategiak landuz.

Ortziralero 17:00etatik 20:00etara

Puntura gerturatzen diren nerabe eta gazteei drogak eta sexualitateen inguruan aholkularitza eskainiko zaie, honetarako beharrezkoak diren baliabideak erabiliz (gai hauetan adituak diren espezialista ezberdinak, posta elektronikoa, telefonoa…) eta beti ere aholkularitza, konfidentzialtasuna eta laguntza eskainiz. Informazio puntuak izanen duen ordutegia ortziralero arratsaldeko 17:00etatik 20:00ak arte izanen da, eta harremanetan jartzeko bertara gerturatzearekin edo drogaklarrugorrian@askagintza.com helbidera idaztearekin nahikoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun