Ortziralean, azaroaren 7an, Lesakan 85 urte bete dituztenei omenaldia egin zaie, Nafarroako Kutxak eta San Fermin jubilatu elkarteak antolatua. Berez, urtero egiten da besta hau, baina urrezko ezteiak eta diamantezko ezteiak betetzen dituzten senar-emazteak izaten dira omenduak. Aurten 50 urte ezkondurik bete dituzten bikoteak herritik kanpo bizi dira edo ezinezkoa zuten ekitaldira hurbiltzea, hortaz, ideia aldatu eta 85 urte bete dituzten Urrezko Adina elkarteko lesakarrak omentzea pentsatu zuen Jabier Zelaieta Nafarroako Kutxako zuzendariak. Zehazki, hiru ziren omenaldia jaso behar zutenak: Juliana Etxeberria Telletxea, Santiago Telletxea Telletxea eta Joxe Mari Iratzoki Telletxea. Dena den, soilik Elordiko Santiago Telletxea hurbildu zen omenaldira. Badirudi beste biek osasun arazoak zituztela eta hortaz, uko egin zioten gonbidapenari.
Isabel Lakarrek kantatutako meza
Goizeko 12:30ean meza eman du Pedro Laskurain herriko apezak. Ez zen aunitz jende bildu, aste tartea izanda, jendeak ez baitzuen posible izan. Mezan zenbait kanta eskaini zituen Isabel Lakarrek eta denek aipatu zuten zeinen ahots zoragarria duen. Behin meza akaututa, omenaldia egin zitzaion Santiagori. Bertze urteetan eliza eta plaza Zaharra arteko bidea egiten dute omenduek txistularien laguntzaz, baina aurten, eguraldi kaxkarra tarteko, bertzelakoa pentsatu behar izan zuten.
Iker Taintaren aurreskua
Ez zeuden aukera gehiegirik, eta azkenean, elizako arkupetan egitea erabaki zuten. Meza bukaerako aurreskua aurten Iker Taintak dantzatu zuen eta meritu handikoa izan zela erraten ahal dugu, izan ere, bazituen 5 urte dantzatu gabe eta beretzat ere egun berezia izan zen. Arkupeko zola bustia eta irristakor zegoen, baina hori ez zen batere hantzeman…
Bazkaria Etxalarko Bentan
Ondotik, omendua besarkatu eta denak bazkaltzera joan ziren. Etxalartik atera ziren bazkaria egitera, Etxalarko Bentetan ospatu bai zuten. Bertara joateko eta itzultzeko autobusa izan zen, jendea lasai egon zedin. Santiago Telletxea aurtengo omendua Frain auzoko Elordi baserrikoa da. Senide aunitz dira, 30 inguru, baina soilik 11 hurbildu dira bazkaltzera eta are gutxiago elizkizunera, baina ziur hunkituta eta pozik hartu zuela omenaldia Santiagok. Bazkalondoan bi telebista zozketatu zituzten hurbildu zirenen artean, eta eguna ongi akautzeko, Xalbador Madariagarekin dantzaldia izan zuten.