Oteizaren mendeurreneko ekitaldietan parte hartu dute Lesakako Tantirumairu ikastolako ikasleek

Utzitako argazkiak 2008ko azaroaren 6a

Oteizaren irakaspenak segitu dituzte Tantirumairuko ikasleek. TTIPI TTAPA

Alzuzako Museoa bisitatzeaz gain, zenbait artelan egin dituzte bere lan moldeak segituz

Jorge Oteiza artistak 100 urte beteko zituela eta saio bereziak antolatu dituzte bere omenez eta izenean eraikitako Altzuzako museoan urrian. Lesakako Tantirumairu ikastolako Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleek parte hartu dute proiektu honetan. Honela, egun batean museoa bisitatu zuten, hezitzailearen laguntzarekin.

Oteizaren lan ildoak segituz lau saio ikastolan

Baina hori ez aski, eta bertze lau saio egin zituzte Tantirumairu ikastolan bertan, monitorearekin. Horrela, saio bakoitzean Oteizaren garapenean nabarmentzen diren lau momentuak landu zituzten. Honela, modelatzea atalean, Lesakako ikasleek modelatu egin zuten, horretarako pasta erabiliz. Hustutzea ere landu zuten, horretarako Lagarto xaboi pastilla eta hustutzeko eta zulatzeko tresnak erabiliz. Puntuak mugimenduan:lerroa alorrean alanbrea eta koloretako materialak erabili zituzten eta Tizak arloan, tizak eta kola.

Eguberrietan Alzuzako Museoan ikusgai

Honela, ikasle bakoitzak lau “artelan” sortu zituen eta horietako bat museora joan da, Eguberrietan ikasleek egindako lanekin erakusketa prestatuko dute eta.
Lesakako Tantirumairu ikastolako ikasle eta irakasleak gustora daude esperientziarekin. Jorge Oteizaren lana eta lan moldea ikasteaz gain, beraiek ere lan modu horietan sakondu ahal izan dutelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun