Berako X. Antzerki Zikloa azaroaren 7an abiatuko da Katakun

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 5a

Bertze bi emanaldia izanen dira azaroaren 14an eta 23an

Azaroaren 7a, ortziralean, abiatuko da Berako Euskara Batzordeak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatutako Berako X. Kafe Antzerki Zikloa. “Bob? Nor da Bob?” antzeslana eskainiko du Jon Urrazak arratseko 22:00etatik aitzinera Kataku Ostatuan.

Hurrengo emanaldiak azaroaren 14 eta 23an

Heldu den ortziralean, azaroaren 14an, Lixoia ostatuan izanen da hamargarren Kafe Antzerki Ziklo honetako bigarren emankizuna. Biko Teatroa taldeak “Euskera sencilloaren manifiestoa” antzestuko du arratseko 22:00etatik aitzinera. Azkeneko saioa azaroaren 23an, igandearekin, izanen da Berako Lagun Haundiak elkartean. Arratsaldeko 19:00etan hasiko den emanaldian, Lakrikun antzerki taldeak “Greban gaude” antzeslana eskainiko du.

Txan Magoa igande honetan Berako Kultur Etxean

Hain urrun joan gabe eta Kafe-Antzerki Zikloan sarturik ez badago ere, kulturarekin lotutako bertze emanaldi bat ere izanen da igande honetan, azaroaren 9an, Beran. Hain zuzen, Txan Magoak bere saioa eskainiko du arratsaldeko 17:00etatik aitzinera Berako Kultur etxean. Sarrera 3 euro ordaindu beharko dute haurrek eta 2 euro helduek. Labiaga Ikastolak antolatu du emanaldia, Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun