Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak Berako TokiOna institutua bisitatu zuen astearte goizean, azaroaren 4an. Zehazki, UPNko Josefina Bozal, Esteban Garijo, Carmen María González, Concepción Mateo eta Sergio Sayas, NABaiko Nekane Pérez Irazabal batzordeko presidentea eta Patxi Telletxea eta PSNko María Victoria Arraiza eta Román Felones izan ziren Berako Institutuan eta Jose Mari Irazoki zuzendariak, Maite Telletxea eta Iñaki Gonzalez, ingeleseko elebidun ataleko irakasleek eta Itxaso Zulaika eta Juanjo Errandonea frantseseko elebidun ataleko irakasleek egin zieten harrera. Bisitaren arrazoia, Patxi Telletxeak aipatu duenez, “Toki Ona institutuan atzerriko hizkuntzak ikasteko ikasleek duten hezkuntza prozesuak ezagutu eta institutuak atzerriko zentruekin izandako esperientziak ezagutzea izan da”.
Sei ardatz
Alde horretatik, Jose Mari Irazoki Toki Onako zuzendariak aipatu zuenez, hizkuntzen tratamenduari dagokionez sei ardatz ditu ikastetxeko plan estrategikoak: “eskolarteko elkartrukeak, atal eleanitzen sorrera, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlana, irakurketa bultzatzea, hizkuntza guzien tratamendu integratuari koherentzia ematea eta, azkenik, euskararen tratamendua”.
Ikasgaiak ingelesez eta frantsesez
Segidan, irakasleek hartu zuten hitza, Toki Onako atal elebidunen berri emateko. Honela, Maite Telletxeak eta Iñaki Gonzalezek aipatu dutenez, Soin Hezkuntzako zenbait unitate ingelesez egiten dira, “akademikoki arinagoa den ikasgaia izateaz gain, hagitz komunikatiboa eta praktikoa delako”. Itxaso Zulaikak eta Juanjo Errandoneak, berriz, geografia eta historiako zenbait unitate frantsesez ematen dituztela jakinarazi dute.
Atzerriko ikastetxeekin harremanak
Ikastetxea bisitatu aitzinetik, atzerriko zentruekin izandako esperientzien berri eman diete parlamentariei. Errate baterako, Japoniako Yamaguchiko ikastetxe batekin materiala trukatzen du Toki Onak eta Italiako Caravaggio edo Frantziako Paris eta Bordeleko lizeoekin ere harremanak dituzte.