Arantzako Kultur Egunen barrenean ekitaldi nagusia, hamahirugarren Baserritarren Eguna ospatu zen larunbatean, azaroaren 1ean. Orokorrean goibela eta euritsua izan den asteburuan, larunbata egun eguzkitsu eta argia suertatu zen eta horrek aranztarrak animatu zituen beraien produktuak, barazkiak, eskulanak eta aziendak plazara eramateko. Herriko plaza prest zegoen goizean goizerako eta bertan aziendak paratu zituzten. Honela, Martinekobordako, Larrainekobordako eta Ximoneako ardiekin batera, Txolberroko poniak ere ikusgai izan ziren. Hauetaz gain, frontoiko aterpean Mariñenbordako eta Serorinbordako oilarrak eta Larrainekobordako zakurkumeak paratu zituzten eta katua ere bazen oparitzeko. Frontoiaren barreneko aldean kokatzen ziren gainerako postu guztiak. Hauek izan ziren aurten parte hartu dutenak: Pabloenea, Tuanekoborda, Toki-Ona institutuko Batxilergoko bigarren mailako ikasleak eta DBHko laugarren mailakoak, Serorenborda, Bordalarreako Ximonenborda, Martisenea, Bortzak Bat kooperatiba, Senberro, Luis Madariaga, Mariñenborda, Felix Apezetxea, Amaia Apezetxea, Otsarra, Morenbaita, Gazte Asanblada, Ximonea, Noelia, Sara, Mikel eta Elixabet, Mari Jose Lizardi, Motxenea, eskulanetako taldea, Larrainekoborda, sendabelarrak, Txolberro, Euskal presoak etxera, Arantzako eskola, Urdingoborda, Esther Burlada eta Ximonea. Arantzatik kanpo etorria, Punpako pilotak ere eraman zituzten frontoira. Baserrietako barazkiak, eskulanak, gaztak, lukainkak, taloak, margolanak, denetatik izan zen ikusgai eta erosgai Arantzako frontoian.
Laugarren gazta lehiaketan Martixenekobordakoa onena
Eguerdian, laugarren gazta lehiaketako erabakia hartu zuten epaileek. Aurten lan horretan aritu dira Gregorio Mitxelena, Andoni San Juan, Lander Erkizia, Sagrario Iparragirre eta Bittor Zugarramurdi. Hauek puntuaketa eman zioten gazta bakoitzari usaimena, itxura eta zaporea kontutan hartuz.
12 gazta aurkeztu ziren lehiaketara, baserri hauetakoak: Martinekoborda, Senberro, Aientsako Gaxtelinekoborda, Martixenekoborda, Larauburukoborda, Albiz, Tuanekoborda, Serorenborda, Eguzkialdea auzoko Ximonenborda, Bordalarrea auzoko Ximonenborda, Otsarra eta Morenbaita.
Parte hartzaile bakoitzari 15 euro ordaindu zioten. Gazta irabazlea berriz, Martixenekobordako Pantxo Mitxelena izan zen eta 100 euro eskuratu zuen. Larraburukoborda eta Serorenbordako gaztak ere lehenbiziko hiruetan sailkatu ziren.
Behin sari banaketa egin zela, irabazle suertatutako gaztarekin enkantea egin zen, baina krisiarengatik edo, jendea ez zen animatu erostera.
Zozketatutako zarea Mikel Leizarentzat
Era berean, urtero bezala, zare baten zozketa egin zen. Produktu ezberdinez osatua egoten da, eta aurten oilar bat ere bazuen, bizi-bizirik. Baserritarren Egunean bertan mila errifa saldu ziren eta eguerdi aldera egin zen zozketa. 045 zenbakia zuen txartelarentza izan zen saria eta honen jabea Mikel Leiza suertatu zen.
Bertso-afarian 50 lagun
Eguna akautzeko asaldean haurrentzako tailerrak izan ziren eta bertso-afarian 50 lagunek bete zuten Ekaitza elkartea, Aitor Mendiluze eta Angel Mari Peñagarikanoaren bertsoak aditzeko. Aurten ere, egun ederra suertatu da Arantzako Baserritarren Eguna.