Burdinaren Zentroa inauguratu dute ortziral eguerdian Lesakan

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 3a

Pedro Lanzek bere lanak ez ezik lana egiteko moldea erakutsi du. TTIPI TTAPA

Herriak burdinarekin duen mendetako lotura eta Pedro Lanz arotzaren lanak ikusgai izanen dira

Ortziral eguerdian inauguratu dute Lesakan Burdinaren Zentroa, Doloreetako Ama Birjinaren komentuko beheitian. Ekitaldira, Lesakako eta Bortzirietako udal ordezkariak agertu dira, baita Cederna-Garalur, Nafarroako Kutxa, Arcelor Mittal eta bertze erakundetakoak ere. Hasteko, Koldo Erkizia alkateak hartu du hitza. Berak aipatu duenez, Lesakako Udalak urte batzuk daramatza bere ondarea, kultura eta historia garatzen. Lan horren adibide gisara paratu ditu Lesaka Ezagutu, bisita gidatuak, Erdi Aroko Azoka, erakusketak eta promozio ekintza ezberdinak, hala nola trenbidea, Agila eta herri inguruko ibilbidea eta bertze herriekin batera egindako promozioak. Bertze baliabideen artean, forja eta burdina Lesakako biziaren garapenean oinarrizkoak izan direla azpimarratu nahi izan du. 2004. urtean, ondare hau erakusteko asmoarekin eta Pedro Lanz herriko artisauaren borondatea aprobetxatuz, Lesakako udalak gai honen inguruko proiektu bat garatzen hasi zen. Hasiera bateko asmoa Pedroren tailerrean bertan erakusketa moduko bat antolatzea izan bazen ere, egin beharreko inbertsioa ikusita herriko eraikuntza berezi batean jartzeko moduko proiektu bat zela erabaki zen. Modu honetan sortu da Burdinaren Etxea, Lesakako Interpretazio gunea.

140.000 euroko aurrekontua

Lanen aurrekontua 140.000 eurokoa izan da eta horietatik 36.000 euro Burdinaren Etxearen edukirako, Alfa Soluciones enpresak egindako lanarentzako izan da eta gainerakoa obra zibilerako. Hain zuzen, Alfa Soluciones enpresako Javier Olmedok eman du egin behar izan dituzten lanen berri.

Pedro Lanzen burdin lanak

Pedro Lanz Lesakako arotxarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, eskulangile honek bere lanak Burdinaren Zentroari utziko dizkio, bertan ikusgai izateko. Horretaz gain, langintza horri buruzko ikusentzuneko bat ere grabatu da. Arcelor Mittal lantegiak bere produkzioari buruz egindako bertze ikusentzuneko bat ere ikusteko modua dago Burdinaren Etxean. Honela, garai batean burdina nola lantzen zen ikusten da eta gaur eguneko lantegi modernoetan nola lantzen den ere ikusten ahal da. Ikusentzunekoak ez dauka audiorik, baina bisitariek sartzerakoan jasotzen duten MP3 batekin aditzen ahal da bietan erraten dena. Pedro Lanz arotzak, bere lanaren eta garai bateko bizimoduari eta lanbideei buruzko klase praktikoa eman du inaugurazio ekitaldian. Honela, berak egindako burnilan batean argi aski erakutsi du garai bateko olek nola lan egiten zuten.

Burdinaren Zentroa ez ezik, Lesakako udal Turismo Bulegoa ere bertan izanen da, bisitarien harrera gunean. Beraz, Lesakako baliabide eta zerbitzuen informazio gunea eta Lesaka eta eskualdeko eskaintza bideratzeko gunea izanen dira sarreran. Horretaz gain, bertze lau gune izanen dira. Lehenbizikoan, burdinaren historia eta Lesakako bizimodua ezagutzera emanen dira; bigarrenean mineralen garraioa eta burdinolak ageri dira; Hirugarren gunean Lesakako burdinolak eta Pedro Lanzen lan moldea eta tresnak ageri dira eta laugarrenean, eskulangile honen piezak, tailerrak, pertsonaiak, ohiturak, baita “Lesaka, Harria, Burdina eta Zura” argazki erakusketa.
Burdinaren Etxearen ordutegiari dagokionez, azaroaren 1etik aitzinera zabalik izanen ditu bere ateak. Azaro eta abenduan honako ordutegia izanen du: asteazkenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Igande eta besta egunetan 10:00etatik 14:00etara zabalik izanen da eta astelehen eta asteartetan itxita. Sarrera 2 euro ordaindu beharko da. Harremanetarako edo informazio gehiago eskuratzeko, 948 638007 edo 690 230031 telefonoetara deitzen ahal da, kultura@lesaka.net helbidera idatzi edo www.lesaka.net web-orrian begiratu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun