Arantzako Kultur Egunak ortziraletik igandera ospatuko dira

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 30a

Larunbatean, azaroaren 1ean, Baserritarren Eguna ospatuko da

Arantzako Kultur Egunak ortziral honetatik igandera bitarte izanen dira, urriaren 31tik azaroaren 2ra, alegia.

Ortziralean solasaldia eta mus txapelketa

Ortziralean, urriaren 31n, arratseko 20:00etan Zahar Txokon solasaldia izanen da euskal zerriaren historia, ezaugarriak eta ustiapena ezagutzera emateko. Hizlariak Bittor Jauregi amaiurtarra, euskal zerri ekoizlea eta Bernart Bethar urepeldarra, Euskal Zerriaren Elkartearen sortzailea izanen dira. Gaueko 22:00etan Mus Txapelketa jokatuko da Ekaitza Elkartean. Bikote irabazleak bi zerri-kuttin eta bi txanpan botila eramanen ditu, eta bigarrenek bi oilasko eta bi ardo botila.

Baserritarren Eguna larunbatean

Larunbatean, azaroaren 1ean, goizeko 10:00etatik aitzinera frontoian Baserritarren Eguna ospatuko da, hamahirugarren urtez. Urtero bezala, Arantzako baserrietako eta etxeetako produktuak, barazkiak, eskulanak eta aziendak ikusgai eta erosgai izanen dira. Gazta lehiaketa ere eginen da, laugarren urtez. Goizeko ekitaldien eta bazkariaren ondotik, arratsaldeko 17:00etan gorapean haurrentzako tailerrak izanen dira. 21:00etan bertso afaria eginen da Ekaitza Elkartean, Aitor Mendiluze eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariekin.

Igandean emakume harrijasotzaileak eta haurrendako antzerkia

Igandean, azaroaren 2an, eguerdiko 12:30ean herri kirolak izanen da frontoian, Miren Urkiola eta Maria Jose Sardon harri-jasotzaileen erakustaldia, hain zuzen. 17:00etan haurrentzako antzerkia izanen da eskolako gimnasioan: Ino, Ino, Ino, badator Bonbardino antzeslana taularatuko dute Ane Monna, Oskola eta Karramarro taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun