Irisarriko bidegurutzean behar ez den zaborra uzten dela salatu du Igantziko Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 30a

Arazoa ez da oraingoa, eta Igantziko Udalak eta Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak behin baino gehiagotan adierazi izan dute neurri haundiko trasteak ez direla edozein tokitan utzi beharrekoak. Baina badirudi alferrik dela. Irisarri auzora sartzeko bidegurutzean gero eta hondakin gehiago ikusten dira, eta zabor-ontzietatik kanpo gainera. Batez ere etxetresnak, altzari zaharrak eta pneumatikoak daude bidegurutze horretan. Hori dela eta, salaketa egin dute Igantziko udaletik eta tresna horiek biltzeko zerbitzu berezia badela gogorarazi.

Emausko traperoek biltzen dute

Bortzirietan, traste haundiak Emauseko Traperoek biltzen dituzten etxez-etxe, kamioiarekin, eta horretarako nahikoa da Emausekoek Donezteben duten bulegora deitzea. 948 451979 telefonora deitu eta etxera joaten dira trasteen bila. Zaborrak nonahi uzteagatik Hiri Hondakinen Mankomunitateak isunak paratuko dituela iragarri izan du, baina momentuz, Igantziko Udalak berriz eskatu du horrelakorik ez egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun