Lesakako mendi ateraldia eta herri bazkaria debekatu zituen Entzutegi Nazionalak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 28a

Larunbatean, Iñaki Fagoagak kartzelean 15 urte bete dituela eta egitekoak ziren

Joan den larunbatean Lesakan egitekoak ziren ekimenak debekatu zituen Entzutegi Nazionalak, Sastrinera mendi irteera bat,ekitaldia baita Arranon egiteko zen herri bazkaria ere. Amnistiaren ikurra agertzen zen kartelean, eta hori izan zen debekuaren arrazoia. Honez gain kartelean presoen argazkiak egotea eta presoak omentzea ere delitu moduan agertzen dira.

Urtero egiten den ekitaldia

Ekimen hauek urtero egiten dira urriroan, herriko bi preso, Ainara Fresneda eta Iñaki Fagoaga, data hauetan gartzelaratu baitzituzten. Iñakik 15 urte preso bete zituen ortziralean eta zigorraren hiru laurdenak beteak ditu duela bi urtetik. Hori salatzea zen helburua, kondena beteta duten presoen karrikaratzea aldarrikatzea. Urteroko ekitaldia da, arazorik gabe egin izan dena.

Kontrolak eta okupazioa

Larunbatean herri sarrerako rotondan kontrola paratua zuten, plaza erabat inguratua (antidisturbios eta guzti), ekitaldia burutzekoa zen mendirako bide guztiak okupatuak, inguruko mendietan patrolak, alde guztiak guardia zibilez josita. Plazan 3 orduz egon ziren, Arranoko ate inguruan goiz osoa eman zuten, mugimenduak kontrolatzen bazkal ordua pasa arte.

Biltzeko eta manifestatzeko eskubidea urratua

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez, “modu honetako okupazio militarrek agerian uzten dute okupazio indarrek Euskal Herrian jarduteko duten inpunitatea”. Euskal Herrian biltzeko eta manifestatzeko eskubidea urratua dagoela dio Amnisitiaren Aldeko Mugimenduak eta “pasa den asteburuan Hernani eta Lesaka izan dira horren lekuko zuzenak”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun