Azaroaren 3 hasi eta 28an bukatuko da da kirol eta kultur ekitaldiak antolatzeko Berako Udalak banatuko dituen dirulaguntzak eskatzeko epea.
Kirol arloan, denboraldiko jarduna eta egun bateko ekitaldiak
Kirol arloari dagokionean, bi dirulaguntza mota banatuko ditu Berako Udalak: alde batetik, denboraldi luzez irauten duten kirol jardueretara bideratuak, errate baterako liga bat, urte osoko mendi ateraldiak edo astero entrenatzen den kirolen baterako eta, bertzetik, egun bateko kirol ekitaldietarako, mendi maratoia, Lizuniagako Igoera eta gisakoetarako. Iraupena duten jardueren kasuan, dirulaguntza osoaren %80a emanen da. Dirulaguntza onartu eta egun batzuetara egokitutako kopuruaren %50a jasoko dute, eta urte hondarrean, ebaluazio orria entregatzean, gainerakoa. Egun bateko ekitaldietara, berriz, dirulaguntza osoaren gainerako %20a bideratuko da. Hauen kasuan, kirol jarduera hori egin eta 30 eguneko epean justifikatu beharko dira gastuak. Ondotik ordainduko zaie dagokien dirulaguntza, ongi arrazoituta. Dirulaguntzak emateko irizpideen inguruan argibide gehiago nahi izanez gero, Udal Kirol Zerbitzuaren bulegoetan galdetu behar da.
Kultur ekitaldiak
Gisa berean, kultur ekitaldien kasuan, egiten diren egunetik hurrengo 30 egunetan justifikatu beharko dira gastuak. Dirulaguntzak emateko argibide gehiago, Berako udalaren web orriaren Kultur Batzordearen atalean edo Kultur Etxean bilatzen ahal dira. Eskaera eta ebaluazio orriak ere Kultur Etxean daude.