1982garren urtetik Peio Garinek zuen errekorra erori zen larunbatean Beran, Lizuniagako Igoeran. Bigarren edizioan egin zuen 16 minutu eta 13 segunduko marka haundi hura eta hogeitazortzigarren edizioan, 26 urte beranduago beraza, 12 segundutan hobetu zuen Abdelfetah Louajarik. Urte hasieratik Zizurren bizi eta Ardoi taldearekin laster egiten duen marokoarrak marka bikaina egin zuen eta segundu bakar batengatik gainditu zuen 16 minutuak. Beraz, 16 minutu eta segundu bakarreko marka horri esker, errekorra hobetzen zuenarentzat zeuden 300 euroak eskuratu zituen.
95 korrikalari proba nagusian eta 40 gaztetxo
Gure Txokoa elkarteak hogeita zortzigarren urtez antolatutako proba honetan 95 bat korrikalarik hartu zuen parte, lasterketa nagusiko kategoria ezberdinetan banatuak: 49 senior kategorian, 29 beteranoetan, 16 emakumezkoetan eta junior bat. Hauetaz gain, kiroldegi eta Jamotenea inguruan aritu ziren ttikienak eta Maletetik Lizuniagarako bidea egin zuten koxkorxeagoak gehitu behar zaizkie. 3 eta 15 urte arteko 40 bat kirolarik egin zituzten lasterketak aurten lehen aldiz, dominak eman zitzaizkien, sariak zozketatu ziren eta berendua izan zuten Jamotenean. Beraz, 2008ko edizio honetan, errekorra hobetzeaz gain, sekulan izan den partehartzerik handiena izan da. Iaz, erraterako, 72 korrikalari izan ziren eta gehien izan den urtean 82 izan dira.
Louajari aitzinean hasieratik bukaerara
Eztegara pilotaleku ondotik abiatu eta 220 metroko altueran Lizuniagako kaxkora, 4.900 metro bete behar izan zituzten. Abdelfetah Louajarik proba hasi baino lehen ere abixatua zuen lasterketa irabaztera ez ezik, errekorra gainditzera ere bazetorrela. Baina ez erran bakarrik, erran eta egin. Lehenbiziko bi kilometro lauetan, Louajarariren inguruan ibili ziren Pedro Ruiz donostiarra, Rafa Maritxalar lesakarra eta Jon Garraus irundarra ere, baina maldan goiti hasi zirenean aisa ihes egin zuen marokoarrak. Horren erakusgarri, azkenean egin zuen errekorra. Bigarren sartu zen Pedro Ruiz donostiarra, 17 minutu eta 21 segunduko denborarekin, irabazleak baino minutu eta 20 segundu gehiago, beraz. Rafa Maritxalar lesakarrak, iazko irabazleak, osatu zuen podiuma, 17 minutu eta 31 segunduko denborarekin. Laugarren postuan Jon Garraus irundarra sartu zen eta bosgarrenean, denbora berean, 18 minutu eta 27 segundu, sartu ziren Manttaleko Patxiku Iratzoki igantziarra eta Alberto Barberena lekaroztarra. Segidan, Iñigo Lasaga etxalartarra sartu zen, 18 minutu eta 46 segunduko denborarekin; Iñaki Pikabea beratarra 19 minutu eta 3 segunduan osatu zuen ibilbidea, Patxi Vilak bezalaxe. Daniel Mehats baionarrak, Txema Villamea beratarrak, Andoni Lasaga etxalartarrak, Fermintxo Oteiza narbartearrak, Iban Zubieta beratarrak, Unai Otazo etxalartarrak eta Ormaiztegiko Angel Pelaezek ere hogei minutu baino guttiago behar izan zuten ibilbidea osatzeko. Hamazazpigarren egin zuenm jose Javier Elizaintzinek 20 minutu eta 4 segundu behar izan zituen.
Joxelu Loiarte beratarra garaile beteranoetan
Beteranoen artean, Joxelu Loiarte beratarra izan zen bizkorrena, 19 minutu eta 36 segunduko denborarekin, Gorraizko Eduardo Los Arcos bigarren, 20 minutu eta 11 segunduko denborarekin eta hirugarren Iñaki Larrañaga beratarra, 20 minutu eta 30 segunduko denborarekin.
Cristina Arbues igantziarra emakumezkoetan
Emakumezkoen artean bizkorrena Cristina Arbues igantziarra izan zen, 21 minutu eta 25 segunduko denborarekin; bigarrena Maika Ariztegi iturendarra, 22 minutu eta 5 segunduko denborarekin eta hirugarren Mari Sol Martinez irundarra, 24 minutu eta 29 segunduko denborarekin.