Igandean, urriaren 26an Lurraren Eguna ospatu zen Beran hogeita bigarren aldiz. Ohiturari eutsiz, urriko azken igandean egiten da eta gure eskualdeko hitzordu garrantzitsuenekoa bilakatu da sasoi honetan. Igandea da egun beteena, baina hori baino lehen, larunbatean Lizuniagako igoera eta barazkiopil lehiaketa egin ziren, giroan sartzeko. Baina gatozen igandera. Goizean goiz prestatzen dituzte postu guztiak, bai artisauek eta baita etxeetatik eramaten dituzten nekazariek. Eguraldia nahiko goibel iratzarri zen, baina behe lainoa zela antzeman genion eta hala, eguzki astroak hurbildu nahiko zuela iduri zuen. Goiz hotza zen, baina hori ez zen aitzakia bilakatu Berara hurbildu zirenendako.
Hainbat eskulangile
Aski berezia bilakatzen da azoka, artisautzari garrantzia ematen bai zaio, eta hala, Altzate kalean sartu baino lehen, “artisau sasi izena” daramaten hainbat postu jarriak zeuden, milaka toki eta parajeetan eros daitezkeen mila gerriko, zapi edo belarritakoekin. Baina azoka berez, Altzate kalean hasten zen eta lehen postua Josu Goiak jarria zuen bere etxe atarian. Bertze behin ere bere lana erakutsi nahi izan zuen eta eskulturak ez ezik, liburuak eta diskoa ere salgai jarri zituen.
Parean Ricardo Baroja ikastetxeko haur eta gurasoak zeuden, urtero bezala, eskolan egindako eskulanak erakusteaz gain, pastel, pasta, pintxo eta bestelakoak prestatu zituzten sakela hustutzen hasteko aitzakia polita jarriz.
Altzate karrikan ezker eskuinera Euskal Herritik etorritako 60 bat artisauen postuak jarriak zeuden. Harria, egurrak, zilarra, beira, fimoa…Denek ere beraien lana erakutsi asmoz.
Tartean, Labiaga ikastolan, “Beratarrak” izeneko argazki erakusketa paratua zegoen. Rosa eta Totono Errandonea anai-arrebek 1977. urtetik bildutako zenbait argazki zintzilikatu zituzten, denetara, 260. Gune polita bilakatu zen, jendeak beti etxekoak edo txoko ezagunak identifikatzeko joera izaten baitu eta argazkiak ere herriaren historia garrantzitsua bai dira.
Altzate karrika estu geratzen zen hurbildutako jende guztia irentsi nahirik. Ikusmina handia zen eta postuek zuten ikusgarritasuna bertatik bertara jarraitu nahi zuten xehetasun txiki bat bera ere galdu gabe.
Batzuk kanpokoak ziren, baina hurbilekoekin ere topo egin genuen betiko artisau ezagunen topaleku bihurtuz Lurraren Eguna. Beste zenbait azoketan eskualdean eskualdeko artisauak gonbidatzen dituzte, baina Beran denek zuten lekua. Hala, Baztan, Malerreka, Bortziriak oso eskualde oparoa dela jabetu ginen eta produktu interesgarriak ekoizten eta egiten direla bertan.
Altzate karrikatik Altzate plazara jo genuen eta bertan jarriak zeuden mota guztietako jakiak: eztia, ogia, pastak, pastelak, txorizoa, gazta, taloak, txokolatea…Tartean Toki Ona institutuko ikasleek ere ikas bidaiarako postua jarri zuten, baita Labiaga ikastolakoek, eta Jesusen Bihotzakoek ere. Hemen beste lurraldeetako jakiak nola egiten diren erakutsi zuten eta “migak” deritzonak egin eta salgai jarri zituzten.
Zail gertatzen zen ezetz erratea horrelako eskaintzari eta gehienek ogia ez bazen, gaztaren bat edo gozokiren bat erosten zuten, eskaintza aski interesgarria bai zen.
Musikariak aipatu ditugu, eta erran Berako txistulariek, musika eskolako trikitilari eta akordeoilariek eta Bandak ere parte hartu zutela.
Gainera, Altzate plazan jarria zegoen eszenatokian Legazpiko Korosti dantza taldeak erakustaldi txiki bat egin zuen. Egia da igandean ikuskizun ederrena postuetan zegoela eta jendeak entzun bai, baina begiak beste lekuetan jarriak zituela.
Goiz ederra izan zen, baina arratsaldean segida izan zuen. Hipo eta Tomax pailazoen saioa, sari banaketa eta enkantea, Erika Lagoma eta Julen Zelaieta bertsolarien saioa eta Imuntzo eta Belokirekin dantzaldia izan ziren arratsaldeko menuaren osagaiak eta hauek ere denentzat gustagarriak suertatu ziren.
Antolatzaileak gustura zeuden eta baita Berara hurbildutako guztiak ere.
Ricardo Baroja eskolan ere bestelakoak ikus zitezkeen. Batetik hiru mahai luze jarri zituzten eta bertan baserrietan ekoitzitako produktuak erakutsi zituzten. Besteak beste, kalabazak, tomateak, patatak, azak, azelgak, sagarrak…eta beste mila produktu ikusgarri, tartean etxean egindako gaztain pastela edo aingeru-adatsez egindako mermelada. Ziur bakoitzak etxean zuen hoberena eraman zuela eta baita bereziki prestatutakoak. Aurten denetara 22 baserrik parte hartu dute, urtero-urtero kopurua handituz: Reparazea, Olakokabia, Alkaiaga, Mugalde, Begibeltzeneko borda, Garmendiko borda, Nabasturen… Baziren barazkiak ezagutu ere egiten ez genituenak eta poza ematen zuen ikusteak zer nolako interesa eta gogoa jartzen duten zenbaitzuk produktu hauetan.
Ikasgaiak non-nahi egon daitezkeela jabetu ginen eta harriduraz jarraitu genituen.
Bestetik, ixkin batean gaztainak danbolinan erretzeaz gain, garai bateko baserrietako tresneriak erakusgai jarriak zituzten. Adineko jendeak ezagutzen ditu, baina beste gainerako gutxik badakite zertarako diren ere.
Lurraren egunean musikak berebiziko garrantzia hartzen du eta plaza nahiz kaleetan hainbat musikari ikus eta aditu ahal izan genituen. Atarian ginen bitartean, Irats trikitixa eskolakoekin topo egin genuen eta kanta pare bat eskaini zituzten.
Bixente Irantzuri omenaldia
Ondotik, Gure Txokoa elkarteak omenaldia eskaini zion Bixente Irantzuri. Gasna lehiaketan epaile izan zen hasieratik eta iaz hil zenez, bere emazteari lore sorta eta oroigarria eskaini nahi izan zioten. Ondotik, Manolo Arozena eta Mixel Airek bertso bana bota zuten. Omenaldi hunkigarria suertatu zen eta Bixenteren senitartekoek biziki eskertu zuten.
Gasna lehiaketako lehen sariak Arantzara aurten ere
Ricardo Baroja eskolan, jadanik epaileak lanean ari ziren. 22. gasna lehiaketara 19 ekoizle aurkeztu ziren eta ez zuten lan xamurra izan hoberena zein zen hautatzen. Horretarako lehenik gazta begiratu, gero usaindu eta azkenik dastatu egiten zuten. Zaporeak ez nahasteko, ardoa, salda edo sagar zatiren bat hartzen zuten, benetan lagungarriak suertatzen bai dira. Aurten Mixel Aire, Txomin Harranbide, Manolo Arozena, Patxi Moreno, Jesus Goikoetxea, Jose Mari Andueza, Ana Maria Lazkano, Batixta Telletxea, Maitetxu Andueza eta Haritz Perezek osatu zuten epai mahaia. Aurten Arantzako Xerorenbordako Margari Madariaga suertatu da gasna lehiaketan garaile eta 220 euro eta oroigarria jaso zituen. Bigarren saria eta 100 euro jaso zituen Berako Socorro Almandozek eta hirugarrena eta 75 euro Arantzako Salvador Madariagak. Bertze parte hartzaileak honako hauek izan ziren: Berako Maria Dolores Lazkano, Maria Cristina Irigoien, Jesus Pikabea, Rosario Errandonea, Isabel Bazterrika eta Julia Elizondo, Lesakako Joxe Telletxea, Arantzako Loli Mutuberria, Ines Gonzalez eta Kontxita Ordoki, Etxalarko Isabel Irazoki, Isidro Ariztegi eta Josetxo Ariztegi eta Igantziko Elena Retegi eta Francisca Apeztegia.
Sagardo onena Lesakako Buenos Aireseneakoa
Baina bestetik 11. sagardo lehiaketa ere egin zen. Aurten 13 izan ziren parte hartzaileak eta lan hau neurtzen aritu ziren Fernando Berasain, Belen Gerra, Jose Mari Zapirain, Gabriel Errandonea, Andoni Larrañaga, Txuma Andres eta Felipe Saragueta. 200 euro eta saria jaso zuen Lesakako Buenos-Aireseneko Joxepa Almandozek. Sagardo lehiaketan soilik sari bat banatzen da. Beste parte hartzaileak honakoak izan ziren: Berako Jose Irastorza, Luis Agirre, Juan Manuel Ordoki eta Ana Zubieta, Arantzako Juanjo Madariaga eta Margarita Madariaga, Etxalarko Benanzio Elizagoien eta Santiago Elizagoien eta Lesakako Alberto Otxoteko, Begoña Larralde, Jose Mari Elgorriaga eta Imanol Lopez.