Azaroaren 7an eginen zaie Lesakan 85 urte bete dituztenei omenaldia, Nafarroako Kutxak eta San Fermin Jubilatuen Elkarteak antolatua. Hasiera batean, Urrezko Ezteiak eta Diamantezko Ezteiak bete dituzten senar-emaztei omenaldia egiteko asmoa zen, baina Javier Zelaieta Nafarroako Kutxako zuzendariak aipatu digunez, aurten 50 urte ezkondurik bete dituzten senar-emazte bikoteak Lesakatik kanpo bizi dira edo ezinezkoa dute ekitaldira agertzea. Horregatik, hasierako asmoa aldatu eta 85 urte bete dituzten Urrezko Adina elkarteko kideak omenduko dituzte. Zehazki hiru izanen dira omendutakoak, 1923an sortutakoak hiruak: Juliana Etxeberria Telletxea, Santiago Telletxea Telletxea eta Joxe Mari Iratzoki Telletxea. 12:30ean Meza izanen dute aurten hildako San Fermin Erretiratuen Elkarteko eta Nafarroako Kutxako Urrezko Adina elkarteko kideen alde. Segidan, plazan aurreskua eskainiko zaie omenduei.
Aurten Etxalarko Bentetan izanen dute bazkaria eta joateko nahiz etortzeko autobusa izanen da. Bazkalondoan, bi telebista zozketatuko dira hurbildu direnen artean eta akautzeko, Xalbador Madariagarekin dantzaldia izanen dute. Aipatu bezala, Lesakara itzultzeko ere autobusa izanen da.