• Bortz urte zituela erran omen zuen lehen aldiz Estitxu Lopez beratarrak azafata izan nahi zuela. Erran eta egin. Gaur egun azafata gisa dihardu lanean.
• Ingelesa ikasten Irlandan eta Londresen ibili ondotik, eta azafata izateko ikastaroak egin eta gero, 20 urterekin hasi zen lan horretan.
• Geroztik bederatzi urte pasatu dira, eta gustuko lana duela aitortu digu. Bere lanari buruz eta hegazkina hartu aitzinetik jakitea komeni diren hainbat xehetasun azaldu dizkigu.
Zer egin behar da azafata izateko?
Baldintza batzuk bete behar dira. Igeri egiten jakin; ingelesaren maila altua eduki eta altuera aldetik ere guttieneko batzuk bete: emakumeetan guttienez 1,65 metroko altuera izan behar da eta gizonetan 1,70 metrokoa. Bertze froga psikotekniko batzuk ere pasatu behar dira. Horren arabera erabakitzen dute azafata izan zaitezkeen ala ez.
Non egiten dira ikasketak?
Konpainiak base nagusia non duen, han egiten dira: Valentzian, Madrilen, Palma de Mallorcan... Nik 18 urterekin argi nuen zer egin nahi nuen. Banekien ingelesa beharrrezkoa zela eta Irlandara joan nintzen. Han bederatzi hilabete pasatu nituen. Handik etorri eta azafata izan eta konpainia batean sartzen laguntzeko ikastaro bat egin nuen. Gero, Londresera joan nintzen. Ingelesa ikasi bidenabar, curriculumak bidaliz segitu nuen eta konpainia batetik deitu zidaten. 20 urterekin sartu nintzen.
Demagun bidaiatzera goazela. Zer egin behar dugu?
Lehenengo fakturatu egin behar da, eta horretarako kontuan hartu behar da fakturaziorako tokia hegaldia baino 45 minutu lehenago ixten dela. Beraz, komeni da denborarekin etortzea. Ekipajeari dagokionean, turista edo business klasean –klase dotorea– joan, aldatu egiten da maleta kopurua, baina denetan gehienez 23 kilo dituzten maletak onartzen dira. Horrez gain, hegazkinean gurekin eramanen ditugun eskuko maletek 10 kilo eduki ditzakete gehienez. Beti izaten da maletak galtzeko kezka, baina %99an agertzen dira. Gainera, galdutako maletaren araberako konpentsazio ekonomikoa ere ematen dute. Ez bada agertzen, bertze diru sari bat ere bai.
Txartela hartutakoan kontrolak...
Bai. Adibidez likidoak poltsa gardenetan eraman behar dira, edo botika bat hartu behar bada hegazkinean medikuaren adierazpen bat behar da. Aixturrak, nabalak eta horrelakoak ezin dira eraman. Polizien kontrola pasatu eta arku azpitik pasatu ondotik, hegazkin aldera. Segun eta nora zoazen, pasaportea eta bisadoa ere kontrolatzen dira.
Eta zein da azafataren lana?
Hegaldia baino 45 minutu lehenago aireportuan egon behar dugu. Sinatu, gure tripulazioa bilatu eta hegazkinera joaten gara. Han elkarrizketa bat egiten dugu, eta kapitainarekin eta tripulazio arduradunarekin segurtasun neurriak errepasatzen dira. Ondotik, egokitu zaigun segurtasun tokira joan, eta segurtasun ekipoa txekeatzen dugu: oxigeno botilak, ateak, kaputxak... Gero txekeo komertzialak egiten ditugu: bazkaria hor dagoen... Dena prest dagoenean bidaiariak sartzen dira eta gomendio batzuk ematen dizkiegu. Zerbitzari bezala ikusten gaituzte, baina hegaldia ahalik eta erosoena izatea eta segurtasuna bermatzea dira gure egitekoak. Hegaldia bukatzean, hegazkina goitik beheiti begiratu behar dugu, gurea ez den deus ez dagoela eta zerbait falta ez dela ikusteko. Bonba mehatxuak ia egunero izaten dira konpainia haundietan.