Berako herriari eta pertsonaiei buruzko web orri berria aurkeztu da

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 28a

Berako argazki, prentsa-errekorte eta agiri zaharrak biltzen dira web-orri berrian. TTIPI TTAPA

Totono eta Rosa Mari Errandonea anai-arrebek prestatu eta Mikel Zubietak diseinatu du

Asteazkenean, urriaren 22an, Berako web orri berriaren aurkezpena egin zen Berako Iamotenea elkartean. Web orri berri honek Bera gure herria izena hartu du. Ekitaldian, Rosa eta Totono Errandonea anai-arrebek eta Mikel Zubieta, web orriaren diseinu egileak parte hartu zuten. Aurkezpenak ikusmin handia piztu zuen herritarren artean eta Iamoteneako gelan prestaturiko aulkiak kasik bete zirela erraten ahal dugu. Jendeak egindako lan mamitsua bertatik-bertara jarraitu nahi izan zuen. Ekitaldia euskaraz eta gazteleraz egin zen eta protagonistek lanaren zenbait datu agertu zituzten.

Erraz erabiltzekoa

Horretarako pantaila handi bat jarri zuten ordenagailuan agertutakoa hurbildutakoek jarraitu ahal izateko. Erabiltzailea erraz moldatzeko modukoa dela aipatu zuen Mikel Zubietak eta bilatzaile bat ere gaineratu dutela. Era berean, harremanetarako ze loturara jo behar den ere erran zuten. Hala, galderak egin, akatsak aipatu edo bestelako gauzetarako jendeak mezuak bidal ditzakeela adierazi zuten. Sarrera, argazkiak biltzeko atala, pertsonaiak, prentsan bildutakoa, ospakizunak eta beste hainbat informazio agertzen da aipaturiko web orrian.

Euskaraz eta gazteleraz

Mikelek era berean, erran zuen gaur egun gehienek dugun tresna dela internet eta web orrian sartu eta erabiltzeko gomendioa egin zuen. Orrialde guztia euskaraz eta gazteleraz dagoela agertu zuen, klik bat eginda hizkuntza aldatuz. Errandonea anai-arrebek urteetan egin eta bildutako lana erakutsi nahi izan dute eta web orri bat tresna eraginkorra izan zitekeela pentsatuz, aurrera ekin zioten proiektuari. Ekitaldian esker ona agertu nahi izan zieten laguntza eman dieten guztiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun