Aurten ere Lizuniagako igoera antolatu du Gure Txokoa elkarteak datorren larunbaterako, urriak 25, arratsaldeko 5etan. Aurtengoan hogeita zortzigarren edizioa beteko du Lizuniagako krosak. Artero bezala, bortz kilometro eskas egin beharko dituzte korrikalariek, Etzegara pilotalekuaren eta Lizuniagako kaxkoaren artean dauden 4 kilometro eta 900 metroak zehazki. Errekorra, 16 minutu eta 13 segunduan dago eta norbaitek hobetuko balu, 300 euro hartuko lituzke saritzat. Ez dirudi lan erraza, marka hori 1982an egin baitzuen Peio Garinek. Iaz, erraterako, garaile izan zen Rafa Maritxalarrek, 17 minutu eta 2 segundu behar izan zituen ibilbidea osatzeko. 2005ean, 12 segundura gelditu zen Antonio Etxeberria, baina momentuz hor segitzen du errekorrak.
Ttikienak16:00etan
Helduen lasterketa abiatu baino ordubete lehenago, hau da, arratsaldeko 4etan, haurrentzako krossa ere antolatu du Berako elkarteak lehendabiziko aldiz, ondorengo mailetan sailkaturik: 2004. urtetik aitzinera jaiotakoak, kiroldegitik Iamoteneara. 2001, 2002 eta 2003 urteetan jaiotakoak, Treboletik Iamoteneara. 1999 eta 2000. urteetan jaiotakoak, kiroldegitik Iamoteneara, Altzatetik joanda. 1996, 1997 eta 1998 urteetakoak, ibilbide bera, futbol zelaira joanda. 1993, 1994, 1995 eta 1996 urteetakoak Lizuniagako ibilbidearen zati bat eginen dute.
Parte hartzeko gonbitea
Apuntatzeko epea arratsaldeko 3etan hasi eta lasterketarako 10 minuturen faltan itxiko da. Gure Txokoa elkarteak parte hartzeko gonbidapen berezia egin du, bai lasterka egiten edo antolakuntzan laguntzen.