Gure Txokoa Elkarteak, Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatuta, hogeitabigaren Lurraren Eguna eginen da urriaren 26an, igandean. Halere, bezperan, ohi bezala, Lizuniagako Igoera eginen da 17:00etatik aitzinera. Dena den, aurten lehen aldiz, ttikienek ere izanen dute lasterka ibiltzeko aukera 16:00etatik aitzinera. Adinaren arabera, ibilbide ezberdinak izanen dituzte. Lizuniagako Krosaren ondotik, 18:30ean Barazki opil Lehiaketa eginen da eta gauez trikitilariak ariko dira.
Lehiaketak eta erakusketak igande goizean
Lurraren Egunean goizetik nabarituko da mugimendua. 10:00etan txalaparta doinuak somatuko dira, eta orduan zabalduko da eskulaginleen azoka eta erakusketa ere; barazki erakusketa ere bai. 10:30ean Beratarrak argazki erakusketa irekiko da Labiaga ikastolan. 11:00etan gasna eta sagardo lehiaketa hasiko da. Lehiaketa hauetan parte hartzeko Bortzirietako ekoizlea izan behar da. Txapelketarako gasnak eta sagardo botilak lehiaketa hasi baino ordu terdi lehenago hartuko dituzte antolatzaileek Ricardo Baroja eskolan. 12:00etan Berako Banda eta Musika Eskolako trikitilari eta akordeoilariak herrian barna ibiliko dira bazterrak alaitzen. 13:00etan Legazpiko Korosti Dantza Taldekoen txanda izanen da eta herriko txistulariak ere herrian ibiliko dira.
Pailazoak, emakumeen herri kirolak eta sari banaketa bazkalondoan
Bazkalondoan, 16:00ak aldera Altzateko plazan haurrentzako ikuskizuna izanen da Hipo eta Tomax pailazoekin. Segidan, 17:00ak aldera, neskek herri kirol erakustaldia eskainiko dute. 17:30ean sagardo eta gasna lehiaketaren sari banaketa eginen da. Ondotik irabazleak enkantean aterako dira eta Erika Lagoma eta Julen Zelaieta bertsolariek ere euren saioa eskainiko dute. Azkenik, 18:30ean Imuntzo eta Belokirekin dantzaldia izanen da. Aipatzekoa da egun osoan taloak, sagardoa, gaztainak eta eskualdeko produktuak izanen direla salgai. Ekitaldiak Altzateko plazan eginen dira eguraldi onarekin, eta euria bada berriz, kiroldegian eta Altzateko frontoian.