Azaroaren 7an eginen zaie Lesakan 85 urte bete dutenei omenaldia, Nafarroako Kutxak eta San Fermin jubilatu elkarteak antolatua. Hasiera batean, Urrezko Ezteiak eta Diamantezko Ezteiak bete dituzten senar-emaztei omenaldia egiteko asmoa zen, baina Javier Zelaieta Nafarroako Kutxako zuzendariak aipatu digunez, aurten 50 urte ezkondurik bete dituzten senar-emazte bikoteak Lesakatik kanpo bizi dira edo ezinezkoa dute ekitaldira agertzea. Horregatik, hasierako asmoa aldatu eta 85 urte bete dituzten Urrezko Adina elkarteko kideak omenduko dituzte.
Meza eta aurreskua Lesakan
Goizeko 12:30etan Meza izanen dute aurten hildako San Fermin Erretiratuen elkarteko eta Nafarroako Kutxako Urrezko Adina elkarteko kideen alde. Segidan, plazan aurreskua eskainiko zaie omenduei.
Bazkaria Etxalarren
Aurten Etxalarko Bentetan izanen dute bazkaria eta joateko nahiz etortzeko autobusa izanen da. Horregatik, San Fermin erretiratuen elkarteko egoitzan edo Nafarroako Kutxan lehenbailehen izen ematea komeni da. Bazkalondoan, bi telebista zozketatuko dira hurbildu direnen artean eta akautzeko, Xalbador Madariagarekin dantzaldia izanen dute. Aipatu bezala, Lesakara itzultzeko ere autobusa izanen da.