Labiaga eta Tantirumairu ikastoletako ikasleak arraunean ibili dira Ikasarrauna jardunaldian

Aitor AROTZENA 2008ko urr. 15a, 16:03
Arraunean gustora ibili dira Labiagako DBHko ikasleak. TTIPI TTAPA

Bidasoan goiti eta beheiti ibili dira, Alkaiagako industrialdetik Estazioko zubiraino

Berako Labiaga eta Lesakako Tantirumairu ikastolako neska-mutikoak Ikasarrauna jardunaldia izan dute asteazken goizean. Bi herriak bereizten dituen Bidasoa ibaian goiti eta beheiti ibili dira, arraunaren sekretutxoak ikasten. Horretarako, arraunaren mundua ezagutzen duten bi irakasleren laguntza izan dute, Iñaki Goikoetxea eta Josu Aboitiz lekeitiarrena.
Lehenbizi, Lesakatik etorritako Lehen Hezkuntzako azken ikasturteetako ikasleen txanda izan da. Alkaiaga industrialde ingurutik abiatu eta San Migel zubian barna pasatuz, Estazioko zubiraino ere ailegatu dira eta handik beheiti. Eguraldi zoragarria lagun izan dute eta behin txalupatik ateratakoan, esperientziarekin gustora, baina berriz ere ikastolara joateko nagi xamar somatu ditugu.

Labiagako DBHkoei txanda

Tantirumairuko ikasleek, Labiaga ikastolan ari diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei utzi diete txanda. Hemen, Bera, Lesaka eta Bortzirietako bertze herriren bateko arraunlari gaztetxoak sartu dira. Sartu baino lehen, Izaro Mitxelena irakasleak aipatu digu bigarren urtez egin dutela Ikasarrauna. Hori bai, iaz Labiagako ikasleek bakarrik egin zuten eta aurten Tantirumairuko handienek ere, 10-12 urte arteko ikasleek hartu dute gonbitea.

Iñaki Goikoetxea eta Josu Aboitiz lekeitiarren erranetara

Iñaki Goikoetxea monitoreak txalupara igotzeko gonbidapena egin digu eta ezin horri uko egin. Nabaria zen ikasleek aitzinetik zenbait klase hartuak zituztela, baina badaezpada batzuen errepasoa egin du Lekeitioko patroiak: branka non dagoen, estriborra, ababorra… ziaboga nola egin, hamarreko tandak…
Azalpen zehatzak segituz, Labiagako ikasleak errekan goiti eta beheiti xuxen eraman dute txalupa. Guraso batzuk, seme-alabak gaurkoan arraun egune zutela jakinik, erreka bazterretan kokatu dira, bai Bera bai Alkaiaga aldean eta bertatik animoak luzatu dizkiete gaztetxoei, argazki edo bideo kamerarekin grabatzen zuten bitartean. Bertze batzuk, San Migel zubia aukeratu dute pasieran animoak luzatzeko.

Ikasi ondotik estropada (ez karrera)

Baina jakina, dena ez zen pedagogikoa izan behar. Arraunean ongi xamar ikasi dutenean, estropadan konpetitzeko txanda ailegatu zaie. Estropadan eta ez karreran, Iñaki Goikoetxeak ongi azaldu duenez, karrerak kotxeenak edo bizikletenak baitira… Arraunean, estropadak! Nahi lukete Castron, Orion eta Hondarribian hain arraunlari saiatuak!
Lehenbiziko estropada, ttipi-ttapako kamera zuen txalupak irabazi du. Eta hori kamerak ez zuela arraunik egiten! Pisua bertzerik ez…
Bigarren estropada estuagoa izan da eta Josu Aboitizek gidatutako txalupak irabazi du estu-estu. Hori bai, bietan estropada irabazi duenak arraunak goiti paratu ditu, Kontxakoan eta bertzeetan egiten duten bezalaxe!
Azkenean, gure kamera lehorrean utzi eta hor segitu dute gustora arraunean, eguraldi goxoa lagun, boga eta boga!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun