Bortzirietan Mugarik Gabe Egun handia ospatu zuten larunbatean Beran

Goizalde URDANPILLETA 2008ko urr. 28a, 10:40
Capoeira eta Afrikako dantzak eskaini zituen talde honek. TTIPI TTAPA

Hainbat ekitaldi egin ziren, jardunaldi gastronomikoarekin akautzeko

Larunbatean, urriaren 11an, Mugarik Gabe kultur ezberdinetako V. asteari bukaera eman zitzaion Beran egin zen ekitaldi nagusiarekin. Astean zehar, bi saio izan ziren. Asteartean, urriaren 7an, Etxalarko Kultur Etxean bi dokumentalen proiekzioa egin zen eta ortzegunean, urriaren 9an, Lesakan hitzaldia izan zen “Zurekin bertze mundua baietz lortu” izenburupean. Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Inti Kausay eta Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea dira Mugarik Gabe jardunaldian antolatzaileak eta hala, bosgarren saioari bukaera ona emateko, ekitaldiz beteriko arratsaldea prestatu zuten. Lehenik eta behin, arratsaldeko 15etan futbito txapelketaren barne, 3. eta 4. posturako partida jokatu zen, eta ondotik, arratsaldeko 16etan futbito txapelketaren final handia. Kirol saioaren ondotik, musikaren txanda izan zen.

Bertsoak eta musika

Arratsaldeko 17:30ean kalejira iragarrita zegoen Topacio eta Lamiak taldeen eskutik, baina azkenean beranduxeago abiatu ziren frontoitik. Kanpo giro bikaina zegoen eta jendeak musikarien doinuak jarraitu zituen. Jon Larretxea eta Inti Kausay taldeko Gina Elizabeth Cabrerak aurkeztu zituzten parte hartzaile guztiak euskaraz eta gazteleraz. Julen Zelaieta beratar txapeldunak bertsoz ongi etorria eman zien hurbildutako guztiei. Ondotik, eskualdeko Lamiak taldeak musika emanaldia eskaini zuten. Hauek trikitixa, pandereta, djembea eta txalaparta baliatu zituzten denen ezagunak ziren piezak jotzeko. Musika alde batera utzita Jon Larretxeak eta Gina Elizabeth Cabrerak Inti Kausay taldearen manifestua irakurri zuten. Berriz ere musikak protagonismoa hartu zuen eta hala, Lesakako abesbatzak bospasei kanta eskaini zituen.

Futbito txapelketaren sari banaketa

Behin Lesakako abesbatzak akaututa, futbito txapelketaren sari banaketa egin zen. Guztira 8 taldek parte hartu dute txapelketan. 3. eta 4. posturako norgehiagokan, Txiringo eta Manuel Diez taldeek 3na berdindu zuten eta penaltietan Txiringok 3 eta Manuel Diezek 2 sartu zituzten, Txiringo hirugarren eta Manuel Diez laugarren sailkatuz. Final handian, Bera Paco taldeak aise galdu zuen Gustavo taldearen aurka 3 eta 12. Finalistek bere oroigarriak jaso zituzten Joxelu Oiartzabal Gure Txokoa taldeko presidentearen eskutik eta txapelketako golegile hoberena izan den Andoni Riopedrek ere berea eskuratu zuen.

Egiptoko dantzak eta capoeira

Ainhoa Izagirrek Egiptoar dantza nolakoa den erakutsi zuen. Eta musika lasaitik arras bertzelako erritmoetara pasa ginen. Horretarako, Topacio taldeko kideek frontoiko zola estali zuten beraien dantzak eskaini ahal izateko. Taldeko kide batek capoeira zer den kontatu zuen. Dantza honek bere jatorria Afrikatik Brasilera emigratu zuten jendean du. Borroka bat ardatz hartuta, dantza bilakatu dute. Oso pausu ikusgarriak ikus ahal izan genituen eta konpenetrazioa erabatekoa zen parte hartzaileen artean. Horrez gain, erabat xauliak eta trebeak ziren gorputzarekin eta jendeak harriduraz eta gogoz jarraitu zuen.
Ondotik, jardunaldi gastronomikoa egin zen. Argentina, Peru, Bolivia, Cuba, Colombia, Guatemala, Ecuador eta Euskal Herriak parte hartu zuten. Mahai luze batzuk jarri zituzten eta dastatzeko ordua baino lehen prestatzen aritu ziren. Denetatik ikus ahal izan genuen: patatak haragiz beteak, haragi pintxoak parrilan, mojitoa, txokolate, txistor eta gazta taloak, janari kriolloa, arroza…Jendea denak dastatzeko irrikitan zegoen eta horretarako prezio bikaina jarri zuten. Platera euro batean zegoen eta batzuk pintxo bakarra jartzen bazuten ere, besteek ederki betetzen zuten. Aukera bikaina izan zen beste herrialdeetako platerak ezagutu eta dastatzeko eta gainera, herritarrek ostatu bat jarri zuten jan bidenabar, zintzurra bustitzeko. Giro bikaina sortu zen eta jendea gustura egon zen antolatutako ekitaldiaz gozatzen.
Saioak atal ezberdinak izan zituen. Lehenik erakustaldi bat egin zuten… Ondotik, afrikar dantza bat eskaini zuten, hango arropak jantziz. Eta azkenik honelako akrobaziak egin zituzten… Behin hau erakutsita ikus entzule guztiei erakutsi nahi izan zieten capoeira ez dela batere gauza zaila eta boluntarioak eskatu zituzten erakustaldi bat egiteko. Normalean gertatzen den moduan, haurrak izan ziren atera nahi izan zutenak. Lehenik 6 haur eskatu zituzten, baina azkenean kasik 10 haur bertaratu ziren. Capoeiraren pausu ezberdinak erakutsi zizkieten eta haurrek erabat harritu gintuzten, beti bezala. Txikienetik hasi eta koxkorrenera ederki pasatu zuten erakustaldiarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun