«Indarra, teknika, altuera eta pisua, denak behar dira marka onak egiteko»

Aitor AROTZENA 2008ko urriaren 28a

Iñaki BEREAU Euskal Herriko txapeldun lasto altxatzen TTIPI TTAPA

• Iñaki Bereau igantziarrak bere sorterrian, Igantzin irabazi zuen lehen aldiz Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa irailaren 28an.
• Podiumeko hiru koxkak igantziarrek bete zituzten: Iñaki Bereauren ondotik, Karlos Sein sailkatu zen eta hirugarren Oskar Telletxea izan zen. Iaz Euskal Herriko txapeldun izan zen Xabi Seinek bosgarren postua eskuratu zuen.
• Euskal Herrikoa ez ezik, Nafarroako eta Zazpi Herrialdetako txapelak ere irabazi ditu aurten Bereauk, urte borobila osatuz: «Urte bati ezin diot gehiago eskatu» dio. Bi txapel hauek hirugarren aldiz daude igantziarraren buruan.

Duela 13 bat urte hasi zen Igantziko herri kirol taldea lanean. Lehenbiziko urte haietan, Eduardo Eugik hiruzpalau aldiz irabazi zuen Nafarroako lasto altxatze txapelketa eta ezezagun xamarra zen kirola zabaldu zuen gure inguruan. Geroztik, ordu aunitz eman dituzte entrenatzen Igantziko kirolariek. Horren erakusgarri, herriko bestetan jokatutako Euskal Herriko finalean podiumeko hiru koxkak igantziarrek bete zituztela: «Ez genuen pentsatzen hiru lehenbizikoak igantziarrak izaten ahal zirenik –dio Iñaki Bereau txapeldunak– Euskal Herrian maila handia delako eta bertze edozein herrialdekoa sartzen ahal da tartean. Nik irabaztea ere ez nuen pentsatzen. Hagitz polita izan zen gainera, lehia estua izan zen, Karlos 30 zentesimatara gelditu zen eta Oskar ere hagitz ongi ibili zen, denak kontent gelditu ginen. Herrian irabazteak ere ilusio gehiago egiten du».

Garai batean lasto altxatzea bizkaitarren kontua zela erraten zen, baina orain igantziarrena dela erraten ahal da. «Aurtengoa ikusita bai, lehenbiziko hirurak igantziarrak, laugarrena bizkaitarra eta bosgarrena ere igantziarra. Finalean hamasei lagun ari ginela kontuan hartuz, zerbait erran nahi du. Iazko txapelketan ere bortz lehenbizikoetan lau igantziar sartu ginen… Euskal Herrian lau igantziarrak goi mailan gaudela ikusi da».

Ordu eta urte aunitzeko lana

Txapel eta podium horien gibelean, ordu eta urte aunitzetako lana dagoela aipatu digu Iñaki Bereauk: «Gu hasi ginela badira 13 urte eta urtetik urtera gehiagora joan gara. Hasiera zaila izaten da, ez duzu indarrik, ez teknikarik, eskuak erretzen dituzu… baina hobetzen duzula ikusten duzu, entrenamendu bereziagoak egiten dituzu…». Bertze herri kirol aunitzetan bezala, indarra ez ezik teknika behar beharrezkoa da lasto altxatzeko ere. «Ona izateko bi gauzak behar dira, teknika eta indarra. Indarra aunitz izanda ere, teknikarik ez baduzu, ez duzu zer egiterik, fardoa hagitz exijentea delako, segidan nekatzen zara. Teknika eta indarra izanez gero, bi minutu horiek ongi aguantatzen dituzu. Gero marka ona egin nahi baduzu, indarra, teknika, altuera eta pisua ere izatea komeni da. Denen konbinazioa behar da».
Bere burua nekatua eta uzteko gogoekin somatzen zuenean ailegatu zaio Euskal Herriko txapela Iñakiri eta segitu baldin badu, bere familiari eta neskalagunari esker izan dela azpimarratu nahi izan du. Aurten, hiru txapel irabazita, lanean segitzeko gogoa berritu zaio: «Nahiko agobiatua zauden momentuak izaten dira, uzteko gogoa, baina aurtengoa ikusita segitu beharko dugu! Hor aitzinean segitzea gustatuko litzaidake eta hemendik urte batzuetara, lasaiago hartu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun