Lesakako udal turismo bulegoa udan irekia egon den hilabete terdi eskasean, abuztuaren 5etik irailaren 15era, 703 bisitari pasatu dira bertatik informazio eske. Aipatzekoa da asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta igande eta besta egunetan 10:00etatik 14:00etara ireki dela bulegoa.
Turista gehienak Nafarroakoak
Turisten jatorriari dagokionez, gehienak Nafarroa bertakoak ziren, baina baita Gipuzkoa, Bartzelona, Madril, Araba eta Valentziatik etorritakoak ere. Estatu kanpotik etorritakoen artean frantsesak, italiarrak, ingelesak eta poloniarrak izan dira bisitari gehienak. Turismo bulegoa usa sasoian lehenbiziko aldiz eskaini denez, ez dagoela konparaketa egiteko daturik aipatu digu Belen Mutuberria kultura teknikariak, baina banaz bertze egunero ia 20 lagun pasatu dira bulegotik. Halere, orokorrean turista guttiago ibili dela somatu da. Familian, lagun taldean edo bikotean etorritakoak izan dira bisitari gehienak eta eskatutako informazioari dagokionez, Lesaka eta inguruko baliabideak, jatetxeak eta ostatu hartzeko lekuak galdetu dituzte.
Laister konbentuko Burdinaren Zentroan
Bisita gidatuei dagokienez, guzira 7 talde eta kasik 250 bisitari izan dira zerbitzu hori aprobetxatu dutenak, guziak Nafarroa bertakoak, Iruña eta Erribera aldekoak. Aurten Herriko Etxeko beheitiko solairuan egon da Turismo bulegoa, baina kokapena probisionala izan da, laster zerbitzu hau Burdin Zentroarekin batera konbentuan ezarriko baita.
Zabaleta dorrea ere moldatzen
Turismoarekin lotuta, uda honetan, Lesakako bi dorretxe famatuetara joateko norabideak zehazten dituzten seinaleak ere paratu dira. Bereauko zubian eta herriko bertze zenbait bidegurutzetan, Minddurineara eta Zabaleta dorrera joateko seinaleak paratu dituzte. Zabaleta dorreari edo Kaxernari dagokionez, Enrique Otazu nagusia moldaketa eta garbiketa lanak egiten ari da, Principe de Viana erakundearen laguntzaz. Lehenik, teilatua eta fatxada moldatzeko asmoa du eta gero barreneko aldea, bigarren etxebizitza bezala erabili asmoz. Informazio eta Turismo Bulegoa jartzeko, garai batean botika bezala erabiltzen zen gela eskaini zion Udalari, baina Lesakako Herriko Etxearentzat hagitz garesti zen Otazuren eskaintza.