Udazkena etorri bezala, urtaro honetako kulturaldiak indar berezia hartzen du. Euskara Batzordea maizago biltzen da tenore honetan ekitaldiak josteko. Ekaitza Elkartea, Herriko Etxea, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Gazte Asanblada eta Guraso Elkartea elkarlanean egitaraua aitzinera eramateko lanean ari dira. Aurtengoan ere urria ezin hobeki akautuko da, eta gisa berean, azaroko lehenbiziko asteburua ekitaldiz betea heldu da. Osagairik dastagarriena, bertzeak alde batera utzi gabe, Santu Guzien Egunean egiten den Baserritarren Eguna da. Ekaitza Elkarteak urte saila daramazki antolatzen, 13 guztira.
Goizeko 10etatik frontoia azoka bilakatzen da. Baserritarren produktuen erakusketaz gainera, herritarren tresna, eskulan, azienda eta abar izaten dira. Baina ez da hori izanen Kultur Egunetan gozatzeko aukera eskainiko duen ekitaldi bakarra. Guztia zehaztu gabe baldin badago ere, aitzineratzeko moduan gaude.
Ortzirala, urriak 31
- 20:00etan euskal zerrien arrazari buruzko hitzaldia Ekaitza Elkartean.
- Gauean mus txapelketa.
Larunbata, azaroak 1
- 10:00etatik aitzinera Baserritarren Eguneko azoka frontoian.
- 17:00etan haurrentzako tailerrak.
- Gauean bertso afaria.
Igandea, azaroak 2
- Lerro hauek idazterakoan zehaztua ez zegoen ekitaldiren bat izanen da goizean.
- 17:00etan haurrentzako antzerkia.