Guttiago gelditzen da 2009ko San Migel bestetarako

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Patxi eta Oskarrek botatako txupinazoak eman zien hasiera bortz eguneko bestei. Hortik aitzinera, gisa guztietako ekitaldiekin gozatu zuen jendeak. TTIPI TTAPA

Giro eta eguraldi ederrean joan dira bestak

Aitzineko asteburuan eta egunean ere hainbat ekitaldi izan arren, irailaren 27an botatako txupinazoarekin eman zitzaien hasiera ofiziala San Migel bestei. Aurtengoan, Patxi Irazoki eta Oskar Telletxea kirolariek eduki zuten bestak hasteko ohore hori.
Arratsaldean, herri kiroletako bi txapelketa ofizial eta herritarren arteko desafio ikusgarria egin ziren. Batetik, Euskal Herriko lasto altxatze txapelketako garaipena herrian gelditu zen, Iñaki Bereaurentzat izan zen. Eta bertzetik, koxkor biltzen lehia ikusgarria eskaini zuten Fernando Etxegarai beratarrak eta Patxi Irazokik. Baina azkenean, Etxegarai nagusitu zen. Ondotik, herritarrek egin zuten desafioa. Arpanarekin Iñaki Portu eta Julen Txoperena aritu ziren,. Aurkari, berriz, motozerrarekin aritu zen Xabi Almadoz izan zuten. Bitarte horretan, lasto altxatzeak herrian segida izanen duela erakutsi zuen Arkaitz Retegik.
Igandean Euskal Herriko errekortadoreen ikuskizunak piztu zuen interes haundiena. Astelehenean San Migel Eguna ospatu zuten, eta herriko dantzariek saio polita eskaini zuten. Bertso pilotarekin ere gozatu zuten ikusleek. Asteartean amaitu ziren bestak, eta orduko ekitaldi nagusiena bertso bazkaria izan zen. Gainerakoan, pilota partidak, dantzaldiak, haurrentzako jolasak... Denetariko ekitaldiekin gozatzeko modua izan zen bestetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun