Udal turismo bulegoa udan irekia egon den hilabete eta erdi eskasean, abuztuaren 5etik irailaren 15era, 703 bisitari pasatu dira bertatik informazio eske. Aipatzekoa da asteartetik larunbatera, goiz-arratsaldez eta igande eta besta egunetan goizez ireki dela bulegoa.
Turisten jatorriari dagokionez, gehienak Nafarroa bertakoak ziren, baina baita Gipuzkoa, Bartzelona, Madril, Araba eta Valentziatik etorritakoak ere. Estatu kanpotik etorritakoen artean frantsesak, italiarrak, ingelesak eta poloniarrak izan dira bisitari gehienak. Turismo bulegoa uda sasoian lehenbiziko aldiz eskaini denez, ez dagoela konparaketa egiteko daturik aipatu digu Belen Mutuberria kultura teknikariak, baina orokorrean turista guttiago ibili dela somatu da. Eskatutako informazioari dagokionez, Lesaka eta inguruko baliabideak, jatetxeak eta ostatu hartzeko lekuak galdetu dituzte. Bisita gidatuei dagokienez, guzira 7 talde eta kasik 250 bisitari izan dira zerbitzu hori aprobetxatu dutenak, guziak Nafarroa bertakoak, Iruña eta Erribera aldekoak.
Aurten Herriko Etxeko beheitiko solairuan egon da Turismo bulegoa, baina laster zerbitzu hau Burdin Zentroarekin batera konbentuan ezarriko da.