Gure Txokoa Elkarteak antolatuta, Lurraren Eguna eginen da urriaren 26an. Halere, bezperan, ohi bezala, Lizuniagako Igoera eginen da 17:00etatik aitzinera eta 18:30ean Barazkopil Lehiaketa. Lurraren Egunean goizetik nabarituko da mugimendua. 10:00etan txalaparta doinuak somatuko dira, eta orduan zabalduko da eskulaginleen azoka eta erakusketa ere; barazki erakusketa ere bai. 10:30ean Beratarrak argazki erakusketa irekiko da Labiaga ikastolan. 11:00etan gasna eta sagardo lehiaketa hasiko da. 12:00etan Berako Banda eta Musika Eskolako trikitilari eta akordeoilariak herrian barna ibiliko dira bazterrak alaitzen. 13:00etan Legazpiko Korosti Dantza Taldekoen txanda izanen da eta herriko txistulariak ere herrian ibiliko dira. 16:00ak aldera Altzate karrikan haurrentzako ikuskizuna izanen da Hipo eta Tomax pailazoekin. 17:30ean sagardo eta gasna lehiaketaren sari banaketa eginen da. Ondotik irabazleak enkantean aterako dira eta Erika Lagoma eta Julen Zelaieta bertsolariek ere euren saioa eskainiko dute. Azkenik, 18:30ean Imuntzo eta Belokirekin dantzaldia.