Eztabaidak Udalean

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Azken ez-ohiko batzarrean aurkeztutako mozio eta emendakinen inguruan izandako eztabaidak tarteko, azalpenak eman ditu alkateak. Bere hitzetan, ez-ohiko bilkura deitu zutenean EAE-ANV alderdiaren legez kanporatzea salatzea zen eguneko puntu bakarra. Oposizioko taldeek osoko bilkura unilateralki deitu izana eta inori kontsultatu gabe egitea egotzi zieten ANVkoei eta emendakina aurkeztu zuten, bertzeak bertze, mozioak denen artean adostu eta aurkeztu behar direla erranez. Alkatetzan guttiengoan egonik mozioak aitzinera ateratzeko arazoak izan dituztela dio alkateak. «Oposizioko taldeek emendakina aurkezten dute gure mozioaren aurka, eta hau bozkatzen da lehenengo». Emendakina aitzinera aterata, «ANVren mozioa ez da bozkatu ere egiten». «Nahiko aldrebesa da osoko bilkura ANVk deitu eta gure mozioa ez bozkatu, ez tratatzea». Hortaz erabaki zuten azken batzarrean euren mozioa lehenik eta gero emendakina bozkatzea, biak tratatu eta aktan azaltzeko.

Honi erantzunez, Aralarrek oharra kaleratu du: «gezurra da ANVk bere ilegalizazioaz aurkeztutako mozioa azken ez-ohiko batzarrean eztabaidatu ez zenik. Eztabaidatu ez ezik, bozkatu ere egin zen. Hori edonork ikus dezake osoko bilkura horretako aktan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun