Zalaingo auzotarrak arduratuak daude, 1990az geroztik auzoa industrialdetik bereizten duen bidea eta auzorako sarbidea izan dena desagertuko dela ikusten baitute. Kezkatuak, sinadura bilketa ere egin dute eta 31 firmak Herriko Etxean aurkeztu dituzte. Gaia aztertzeko eskaera egin zuten irailean Udalean baina erantzunaren zain segitzen dute.
90. hamarkadan eraikia
1989an auzotarrek ordura arte erabiltzen zuten gurdi bidea asfaltatzeko eskatu zuten. Baina orduko Laminaciones de Lesaka enpresak gurdi bidearen bi aldeak aprobetxatu eta pabiloi luzeago bat egiteko, auzokoentzako bertze bide bat egitea proposatu zion Udalari. Honek onartu egin zuen eta 1990az geroztik hortik ibili dira auzokoak. Gainera, industrialdetik «babesteko» bide bat bezala hartu izan dute. Enpresak bide berria egiteko lanak bere gain hartu zituen, eta 1991n bide berria –oraingoa– eta gurdi bidearen lur eremuaren artean permuta egiteko nahia luzatu zion Udalari. 14 urte beranduago, 2005ean ere ohar berdina bidali zion enpresak Udalari, permuta tramitatzeko nahia zuela, alegia. Udalak plenoan enpresaren proposamena onartu zuen, baina notarioaren aitzinean ez zuen tramitatu permuta.
2007ko maiatzeko udal aktan ageri denez, promotoreak permuta bertan behera uzteko eskaera egin zuen, eta Udalak ere horren gaineko interesik ez duela adieraziz, permutaren kontua bertan behera uztea adostu zuten.
Aurtengo uztailean hasi zituzten C12 industrialdea deiturikoa urbanizatzeko lanak. Baina honela, 90. hamarkadaz geroztik erabili den bidea desagertuko dela ikusten dute eta industrialdea etxebizitzetatik «hurbilegi» geldituko dela. Guztiak kezka eragin du eta arazoari irtenbidea emateko eskatzen diote Udalari.
Alkatearen oharra
Josu Iratzoki alkateak, bere aldetik, gaiari buruz zera adierazi du prentsan: «industrialdearen promotoreek eskaera bat egin dute Hirigintza Planean eraikitzeko onartutako alineazioan aldaketa egin dadin. Baina Udalak ez du ontzat eman, eta erabakia hartu aitzinetik txosten tekniko eta juridikoen zain dago. Aitzineratu dezakegu txostenak kontrakoak direla, industrialdea eta auzotarren artean babesgune bat egon behar duelako».