Berako Aralarren oharra

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Berako Aralarrek Josu Iratzoki alkatearen azkeneko oharraren aitzinean honakoak argitu nahi ditu:
1. Gezurra dela ANVk bere ilegalizazioaz aurkeztutako mozioa azken ez-ohiko batzarrean eztabaidatu ez zenik. Eztabaidatu ez ezik, bozkatu ere egin zen. Eta hori edonork ikus dezake osoko bilkura horretako aktan. Gainerako taldeek eta idazkariak berak ohartarazi zioten alkateari, mozio bat aurkezten denean gainerako taldeek zilegitasun eta eskubide osoa dugula zuzenketak aurkezteko, eta berez, zuzenketa hori bozkatu behar dela lehenbizi. Zuzenketa onartzen bada, jatorrizko mozioa erori egiten da. Hori da logikak agintzen duena, eta instituzio guztietan egiten dena, Berako Udalean izan ezik. Berako alkateak, ordea, bere interpretazioa ezarri zuen osoko bilkuran, eta lehenik eurek aurkeztutako mozioa bozkatu zen, eta ondotik bozkatu zen zuzenketa. Gure zuzenketa bertze mozio batean bihurtu zuen, gure borondatearen eta iritziaren kontra. Berak ongi dioen bezala, gutiengo babesarekin agintzen ari da alkatea. Abilezia gehiago behar luke gainerakoekin akordioetara iristeko, eta babesa bilatzeko.

2. Aski ongi daki Josu Irazokik, zein bere taldekideek, Aralarrek irmo salatzen dituela alderdien legea eta ilegalizazioak. Memoria guti erakusten dute aitzineko legegintzaldian euren presentzia ziurtatzeko etengabe bideak jarri zituela Aralarrek.

3. Aralarrek behin eta berriz erran dio alkateari eduki politikoko gaietan gure zuzenketa aurkeztuko dugula, betiko moduan osoko bilkura bereziak gainerako zinegotziak kontuan hartu gabe deitzen baditu, eta ez badu inolako saiakerarik egiten testuak adosteko. Horrek ageri-agerian uzten du negoziaziorako eta adostasunerako ez duela inolako borondaterik, ez alkateak, ez bere taldeak ere.

4. Orsaren gaiarekin egiten digun kritikaren harira, gogorarazi behar diogu alkateari, abuztuan Lesakako Udaletxean auzotarrekin bi udaletako ordezkariek egindako bileran ahobatez erabaki zela udalek ez ezik, ahalik eta alegazio gehien aurkezteko saiakera eginen genuela, eragile ezberdinei aurkeztera animatuz, auzotarrek, udal taldeek, zein norbanakoek. Eta horien artean dago Aralarrek alderdi bezala aurkeztutakoa. Eta Berako Udalak alegazioa aurkeztu badu, bertzeren artean, alkateari hori egiteko behin eta berriz insistitu izan diogulako izan dela. Alegazioak aurkeztearen funtsa ez al da Orsaren asfalto lantegia Alkaiagan ez ezartzea? Aralarrek helburu hori bilatzen du, eta bere esku dagoen guztia eginen du hori horrela izan dadin, baita alegazioak aurkeztuz, behar izanez gero.

5. Zalaingo industrialdeko lanen harira, ezin dugu gure harridura ezkutatu. Komunikabideen bidez jakin dugu txosten horien edukia, eta lerro hauek idazterakoan jaso ditugu txosten horiek. Hori da alkateak gainerako zinegotzi eta taldeekiko duen begirunea, eta informazioaren gardentasuna.

Berako Aralar

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun