Irailaren 22an ez-ohiko osoko bilkuran izandako eztabaida eta ondoren komunikabideetan azaldu den informazio ez osoa ikusiz, osoko bilkura hortan gertatutakoa azaldu asmoz idatzi hau luzatzen dut.
Ez-ohiko osoko bilkura deitu nuen ostegunean EAE-ANV alderdiaren ilegalizazioa salatzea zelarik gai ordeneko puntu bakarra. Auzitegi Gorenaren erabaki hau oso larria izan da eta ez-ohiko bilkura bat deitzeko nahiko eta sobera arrazoi. Oposizioko taldeek osoko bilkura unilateralki deitu izana eta inori kontsultatu gabe egitea egotzi ziguten eta emendakina aurkeztu zuten asteburuan gertatutako bertze ekintzak ere sartuz eta mozioak denen artean adostu eta aurkeztu behar direla erranez. Kasu honetan gu gara adierazienak eta alderdi bakoitzak aukera du ez-ohiko osoko bilkura deitzeko guk kasu hontan egin dugun bezala. Aralarri erran, denak batean lan egiteko asmo hori bere buruari ere aplikatzeko. Orsaren plantaren alegazioetan adibidez, Berako Udalaren izenean alegazioak aurkeztu ditugun arren, beraiek beren aldetik ere aurkeztu dituztelako, eskubide guztiarekin noski.
Beran minorian gaude alkatetzan eta mozioak aurrera ateratzerakoan arazoak izan ditugu. Oposizioko taldeek emendakina aurkezten dute gure mozioaren aurka, kasu honetan bezala, eta hau bozkatzen genuen lehenengo. Emendakina aitzinera ateraz gero, gure mozioa ez zen bozkatu ere egiten. Guri nahiko aldrebesa iruditzen zitzaigun guk deitua izanik osoko bilkura, gure mozioa ez bozkatu ezta tratatzea ere. Azkeneko osoko bilkura honetan lehenengo mozioa bozkatzea erabaki dugu eta ondoren emendakina, modu honetan biak tratatzen dira eta osoko bilkurako aktan azaltzen. Gure harridurarako bertze taldeak, batik bat Aralar, prozedura honen kontra agertu ziren. Baina zer da hau? Alde batetik gure eskubideak errespetatuko dituztela erraten eta bertzetik gure mozioa estali eta bozkatzeko eskubidea kendu nahian? Guk planteatu dugun moduan bai mozio eta bai emendakina solasten dira, bozkatu eta biak agertzen dira aktan. Benetan ez dugu ulertzen nola egon daitezkeen prozedura honen aurka. Alde batetik, ilegalizatuak, baina bertzetik, herrian bertan ere isilarazi nahi gaituzte, bakoitzak bere ondorioak atera ditzala!
Josu Iratzoki - Berako alkatea (EAE-ANV)