Pasa den uztailean hasi ziren Zalaingo C12 poligonoa urbanizatzeko lanak. Zalain auzorako sarbiderik onenak poligono hori zeharkatzen zuen ertz batetik. Bide hau (lehenagoko gurdi-bidearen ordez) 1989. urtean eraiki zen, orduan zoruaren jabea zen lesakako Laminazioak eta Berako Udalaren artean gauzatu zen akordio baten ondotik. Akordio horren arabera, bidearen jabea Udala da. Lesakako Laminazioak bidearen bi aldeetan eraikinik gabeko eremu libreak utzi zituen. Hirigintzako Berako Udal Planak ere kontuan hartu zuen bide honen trazaketa industrialdea eta auzoa bereizteko eta honen arauera planifikatzeko.
2007an lurren jabe berriak zorua birpartzelatu egin zuen eta horretarako bide trukaketa bat eskaini zion Udalari. Eta orain auzorako bidea poligonoaren erditik, pabiloien artetik aurreikusten da. Hau da, nahitaez egin behar zuen pabiloien arteko kale batetik proposatzen da orain auzorako sarbidea.
Aldaketa honekin Hirigintzako Berako Udal Plana ere aldatuko dutela suposatzen dute, eta horrela, azalera gehiago lortuko dela eraikitzeko baimena izango duen zoruan. Bide aldaketa hau Zalain auzoko bizilagunei iritzia eskatu gabe egin zen. Egungo egoerak Zalain auzoa industrialdearekiko babes eremurik gabe uzten du, eta industrialdeko eraikinak auzoko etxebizitzetatik sobera hurbil egitea bideratzen du. Kontuan hartu behar da Zalaingo auzoa, bere kokapenagatik, nahiko zigortua dagoela industrializazioaren ondorioekin. Industria poligonoez inguratua dago, errepide zaharrez eta saihesbidez. Gai hau Udal Batzarrean aztertua izan dadin eskaera bat formalki aurkeztu genuen Udalean irailaren 1ean, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Uste dugu oraindik garaiz gaudela denontzako onuragarria izango den irtenbide bat aurkitzeko.
Zalain auzoko bizilagun batzuk