«Adinak ez du gaitasuna mugatzen eta emakumeak aisialdirako eskubidea du»

TTIPI TTAPA 2008ko urr. 10a, 14:52

Mentxu PEÑA Marimendi emakume mendizaleen taldeko kidea TTIPI TTAPA

• 40 urte baino gehiago dituzten emakumezko euskaldunen mendi taldea da Marimendi. 2005ean sortu zen eta igo dituzten mendi altuen artean daude Mont Blanc eta Elbrus. Azken hau Europako mendirik altuena da.

• Marimendi ezagutzeko aukera eman digu Mentxu Peñak. Taldeko kidea da bera, eta sortzez irundarra bada ere, duela 18 urtetik Arantzan bizi da.

• 19 emakume abiatu ziren uztailaren 15ean Euskal Herritik, eta 18k igo zuten Elbrus uztailaren 23an. Tartean zegoen Mentxu.

Nolatan sortu zen Marimendi taldea?

2005ean izan zen. Alpe eta Pirinioetan emakumeak gutti ikusten dira, eta horri bueltak ematen hasi zen bat. Bati eta bertzeari deituz elkartzen hasi ziren eta horrela sortu zen Marimendi. Talde berezia da, baldintza batzuk bete behar baitira: 40 urtetik goitiko emakume euskalduna eta mendizalea izatea.

Zergatik sartu zinen taldean?

Irungo emakume batek mendian ibiltzen naizela bazekien eta gure moduko emakumeen talde bat zegoela erranez deitu zidan. Orduan Mont Blanc (4.807 m) mendira joateko proposamena egin zidan baina lanagatik ezin izan nuen. Izugarria izan omen zen. Azaro aldera berriz deitu zidan Elbrusera joateko asmoa zutela erranez eta animatzeko. Baietz, ezetz... Bueltaka ibili nintzen eta azkenean baizkoa eman nuen. Gainerakoan, nik ez dut deus sinatu. Prest nintzela erran eta horrela sartu naiz. Elbrusera joan aitzinetik egindako irteeratan ezagutu ditut taldekoak.

Zein dira Marimendiren helburuak?

Aldarrikapen hauxe dugu: adinak ez duela pertsonaren gaitasuna mugatzen. Hori norberaren buruan dago, eta gogoa izanda, osasunez ongi egonez gero, eta kasu honetan, mendian ibiltzeko ohitura izanez gero, egin daiteke. Horrez gain, emakumeak bere aisialdia hartzeko eskubidea duela ere aldarrikatu nahi dugu.

Elbrus Europako mendirik altuena da. 5.642 metro ditu...

Lehenago ere asmo horrekin ibilia nintzen. Irungo Mendizale Elkartearekin Elbrusera joatekoak ginen, baina Georgian, orain bezala, arazo politikoak zeuden eta bertan behera utzi genuen. Elbrus berriz aditu nuenean zirrara sentitu nuen eta beldurra ere bai, altuerari. Badakit zer den 4.000 metro pasatzea eta aunitz sufritzen da. Saiatu behar nuela pentsatu nuen eta ezin banuen lehen bezala itzuliko nintzela.

Eta harat ailegatuta, zer?
Uztailaren 16an ailegatu ginen. 2.000 metrora dagoen herri ttiki bat da, glaziar baten azpian. Telesila batean altuera gehiago hartu eta hurrengo egunetan leku berean goiti eta beheiti ibili ondotik, 23an igo ginen. Elbrus mendiko azken aterpea 3.900era dago.

Zer moduzkoak dira baldintzak?
Ez da erraza. Eskuoihaltxoekin garbitzen ginen eta komunak ez daude emakumeentzako prestatuak. Lo burdinezko kupeletan egiten genuen. Jatekoarekin, ordea, ezin kexatu.

Elbrus igota kontent zaude?
Hagitz kontent.Goian nengoela ez dakit konturatu ote nintzen non nengoen. «Lau haizetara, Euskal Herritik Elbrusera» kantatzen genuen beti, eta tontorrean ere bai. Negarrari ekin nion. Esperientzia izugarria da norbera bakarrik ibiltzeko gai dela ikustea. Aunitzetan gure buruari ezin dugula erraten diogu eta hori gainditzen da. Izugarria da.

Etorkizunera begira zer?
Ez dakigu oraindik. Mendi altuak bi urtetik behin egitekotan geldituak gara baina ez dugu deus erabakia. Azaroan Arantzan bilduko gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun