Konposta egiteko kanpaina abiatu du Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak

TTIPI TTAPA 2008ko urr. 9a, 16:17

Konpostagailuak eta bertze tresnak lortzeko eskaria egin beharko da urriaren 31 baino lehen

Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak etxeko konposta egiteko kanpaina martxan paratu behar du Bortzirietako biztanleen artean. Horretarako, konpostagailuak eta konposta egiteko bertzelako materiala banatuko ditu izena ematen dutenen artean. Beraz, izena emateko orria bete eta bortz herrietako edozein udaletxetan edo Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitatean utzi behar da urriaren 31 baino lehen. Argibide gehiagorako 948 635254 edo 670 522975 telefonoetara deitzen ahal da.

Sukaldeko zaborra ongarri bihurtu

Etxeko sukaldean sortzen den zabor organikoa ongarri bihurtu. Horixe bera egiten du konpost makinak. Zaborra tratatzeko modu azkarra eta merkea dela diote adituek. Sukaldean materia organikoak gainerakoetatik bereizi eta makinara bota, egunero nahasi eta lau asteren buruan konposta egiten du, ongarria, alegia. Eta lorategi eta baratzeetara botatzeko prest. Europar Batasuneko araudiaren arabera, 2016. urterako erdira jautsi behar du zabor kopuruak, eta bide horretan ari dira Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun